Horretarako gaur plegu berriak onartu ditu Udalak. Helburuak dira radarra “epe laburrean” birjartzea, hain zuzen, “herri barruko abiadura mugak errespeta” daitezen, eta “oinezkoen eta bizikletan segurtasuna bermatzeko”.
Argazkia: MB artxiboa / Beheko testua: Arrasateko Udala.
Udal-titulartasuneko bideetan ibilgailu motordunen abiadura neurtzeko zinemometro homologatu bat aldi baterako instalatzeko pleguak onartu ditu gaur Udaleko Hirigintza Batzordeak. Ondorioz, radarrak berriz martxan jartzeko prozedura abiaraziko du Udalak modu honetan, azken urteetako gorabeheren ondoren.
“Azken urteetan radarraren kudeaketa zuen enpresak emandako zerbitzua oso ezegonkorra izan da. 2022ko azaroan eten zen kontratua (EAJ-PSE gobernuan zeudela) eta funtzionatzeari utzi zioten; 2023ko udan, gaur egungo gobernuarekin, berraktibatu zen zerbitzua. Ikusita zerbitzua ez zela behar bezala funtzionatzen ari, esleitutako enpresari kontratua eten zitzaion duela gutxi, 2024ko abenduan. Ordurako, hasita geunden plegu berrien erredakzio lanekin, eta gaur Hirigintza Batzordean onartu duguna da horren fruitua” azaldu du Maider Morras alkateak.
Helburua da “radar makinek herri barruko abiadura mugak errespetatzen laguntzea, oinezkoen eta bizikletan segurtasuna bermatuz. Horretarako, makina berriek abiadura muga gainditzeko kasuak fidagarritasun osoz identifikatu beharko dute eta modu zehatz eta seguruan dokumentatu”.
Kokapen berriekin eta erabaki teknikoen arabera
Gaur-gaurkoz Arrasaten lau radar kabina daude herri barruko kaleetan kokatuta: Arrasate pasealekuan bat, Gipuzkoa etorbidean bat, eta Nafarroan etorbidean bi. “Aurreikuspenak dira datozen hilabeteetan laugarren bat jartzea Zerrajera kalean, auzotarrek azken urteetan eskatu izan duten bezala”.
Horrez gain, pleguek jasotzen dutenaren arabera, zinemometroaren kokapena“Udaltzaingoaren buruzagitzak zehaztuko du une guztietan”. Modu horretan, “irizpide teknikoak gailenduko dira abiadura arazoak konpontzeko”.
Matxuren aurrean, berme eskaera
Pleguek jasotzen duten azken puntuetako bat da ekipamendua konpontzeko eta ordezkatzeko epeena. Ildo honetan, matxura kasuetan, “kontratuaren arabera 72 orduko epea izango du enpresak makinak konpontzeko; eta, matxura konpondu ezin bada, ekipoa ordeztu beharko du 7 egun naturaletan”.




