Arrasate Hiria Portugalgo Jéssica Reis-ek, Musikenen ikasle, irabazi du

0
1365

Txapeldunordea Vladímir Stupnikov errusiarra izan da, eta hirugarren Jingyang Wang. Gipuzkoako Lehiaketari dagokionez, Ibon Asua nagusitu da senior mailan, Hegoi Bértolo juniorretan eta Urtzi Larrabeiti haur-mailan.

Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak antolatuta, bi lehiaketetako sari banaketa ospatu da Amaia Udal Antzokian.

Arrasate Hiriako XXX. edizioan, 12 partaidek jardun dute kanporaketa fasean, Serbia, Ukraina, Portugal, Txina, Errusia, frantziar estatu, espainiar estatu eta Euskal Herrikoak.

“Oraingoan akordeoirako originala den haien aukerako obra bat eta Louis Aguirre konpositore kubatarraren Les Masques de Neige piezaren 2 mugimendu interpretatu dituzte”.

Epaimahaikideak “nazioarteko antzoki eta jaialdirik garrantzitsuenetan aritu diren eta ospe handiko kontserbatorio eta unibertsitateetan klaseak ematen dituzten 6 akordeoilari izan dira”:

Finlandiako Heidi Luosujärvi, frantziar estatuko Pascal Contet, Txinako Na Song, Alemaniako Stefan Hussong eta Euskal Herriko Iñaki Alberdi eta Ander Telleria.

Goian aipatutako 12 parte-hartzaileetatik 8 finalera sailkatu dira, eta azkenean Donostiako Musikenen ikasle diharduen soinujolea izan da garailea. Sari banaketan Udaleko eta Aldundiko ordezkariek ere parte hartu dute.

Txapelduna Jéssica Reis portugaldarra izan da, txapeldunordea Vladímir Stupnikov errusiarra eta hirugarren postua Jingyang Wang txinatarrentzat [goiko argazkian].

Parte-hartzaile jatorrenaren saria, SUDCek banatzen duena, Juan Luis Arkauz lehendakariaren eskutik, Alejandro Arbués aragoiarrarentzat izan da [beheko argazkian].

Bestalde, XLIII. Gipuzkoa Lehiaketak ere ospatu dira ostiraletik gaur (igandera) arte, adinen araberako hiru kategoriatan:
Haur maila, Gazte maila eta Senior maila. Epaimahaikideek honako soinujoleak saritu dituzte:

Haur mailan:

Txapelduna: Urtzi Larrabeiti
Txapeldunordea: Laura Cabo Rodríguez
Hirugarren saria: Alexia-Maria Ilea

Gazte mailan:

Txapelduna: Hegoi Bértolo Sancet
Txapeldunordea: Martie Sainz Elorza
Hirugarren saria: Andoni Gonzalez Iparragirre

Senior mailan:

Txapelduna: Ibon Asua Iracheta
Txapeldunordea: Teodor Marinov
Hirugarren saria: Gabriel Domínguez

Bestalde, atzo, XXXV. Gipuzkoa Akordeoi Jaialdia egin zen, Hauspozek antolaturik. Denera, hango eta hemengo 246 ume eta gazte inguruk parte hartu zuten.

Bertan “haien irakasleekin prestatutako lana erakusteko aukera izan zuten egun osoko egitarau aberatsean”.

Gipuzkoa Akordeoi Jaialdia “izaera ez lehiakorrekoa da, eta ikasleei aukera ematen die “publiko aurrean eta beste jotzaileen aurrean lehen emanaldiak jotzeko”.

Bakarkako 7 maila eta 5 talde kategoria ospatu ziren, eta balortzekoa da “parte-hartzea asko hazi dela lehiaketetako kategoria guztietan; gazteek akordeoiarekiko duten zaletasuna une onean dagoen seinale”.

Lehiaketa eta jaialdiaz gain, zenbait ekitaldi antolatuak zituen Hauspozek asteburu honetarako:.

Ostiralean harrera egin zitzaien parte-hartzaileei Arrasateko Udaletxean, eta kalejira aurrera eraman zen Eibako akordeoilarien eskutik.

Gainera, iazko zenbait garaileren kontzertuak izan dira egunero, eta “bereziki aipagarria iazko Arrasate Hiria Lehiaketako Krešimir Lulić garailearena”.

Aurtengo edizioa biribiltzeko asmoz, bihar, astelehena, Heidi Luosujärvi irakasle finlandiarra masterclass bat ematekoa da. Zorionak sarituei eta Hauspoz elkarteari!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen