Plazak presoen eskubideak aldarrikatu ditu Bilboko manifara begira

0
996

Arrasateko Sarek orain arteko aurrerapausoak baloratu ditu, eta 2024a “erabakigarria izan behar du preso, errefuxiatu eta iheslariei aplikatzen zaien salbuespena behin betiko bertan behera uzteko”. Atzo iluntzeko bilkuran hitzartzeaz gain zuzeneko musika ere izan zen.

Testua: Sare Arrasate.

Urtea bukatzen zigun honetan, atzera begiratzeko unea da, 2024an espero ditugun erronkei aurre egin aurretik. Euskal gizartea zoriontzeko arrazoia dago, aurrera egiten jarraitzen dugulako, ez nahi bezain azkar, baina aurrera goaz azken finean, bizikidetza eraikiz eta euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak defendatzeko konpromisoari eutsiz.

2022 bukaeran, duela urte bat, ia hogei euskal preso zeuden oraindik Espainiako Estatuko espetxeetan. Beste 13 Frantziako espetxeetan zeuden. Sakabanaketaren amaiera gertu zegoen une hartan. Urte bat lehenago aldiz, 2021aren amaieran, ia ehun preso zeuden oraindik Espainiako espetxetan, eta 20 baino gehiago Frantziako espetxeetan. Gauzak aldatu dira. Hobera. Dudarik ez. Gaur egun, dakizuenez, preso guztiak (Frantzian diren 9ak izan ezik), Hego Euskal Herriko espetxeetan daude.

Hala ere, esan bezala, presoen eskubideak behingoz errespetatuta izan daitezen, denok gara aurrera egiteko giltza. Eta beren eskubideak, kondena luzeak bete ondoren, salbuespenezko legeriari amaiera eman eta lege arrunta bein behtiko aplikatzeari loturik daude, eta horrek etxera itzultzea ekarriko luke. Ezin dugu gehiago itxaron. Horixe da euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duena.

Urte berri bat dugu aurrean, erabakigarria izan behar duena preso, errefuxiatu eta iheslariei aplikatzen zaien salbuespena behin betiko bertan behera uzteko, eta, haien eskubideak errespeta daitezen lortzeko. Lanean jarraitzea eta mobilizazioari eustera animatzen zaituztegu.

Gaur euskal gizarteari dei egiten diogu giltzak erabiltzen jarrai dezan, egun hauetan deitutako mobilizazioetan parte har dezan eta, bereziki, urtarrilaren 13an Bilboko kaleetan zehar 16:00etatik aurrera La Casillatik egingo den manifestazioan parte har dezan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen