Pentsio duinak eskatzeko elkarretaratzeak berrartu dituzte Arrasateko pentsiodunek

0
613

Arrasateko pentsiodunek pentsio duinak eskatzeko mobilizazioei berrartu diete gaur eguerdian. “Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 2an egindako bileraren ondoren, erabaki genuen astelehenetako ohiko mobilizazioei berriro ekitea duela hiru urte baino gehiagotik egiten ari garen herri eta hiri guztietan eta indar handiagoz borrokatzen jarraitzea gure aldarrikapen zuzen eta premiazkoengatik.”

Urriaren 1erako eta azaroaren 13rako bi mobilizazio handiak antolatu dituzte. Urriaren 1ean, adineko pertsonen egunean, “kalera aterako gara, adinean aurrera egin ahala eskubideak ez direla iraungitzen adierazteko eta mendekotasunari eta zaintzari arreta emateko
zerbitzu publiko unibertsalak eskatzeko.” Azaroaren 13an Hego Euskal Herriko kaleak beteko dituzte “pentsio duinak, bidezkoak eta nahikoak lortzeko, mobilizazioak hala erabakitzen duten erakunde sozial eta sindikalekin partekatuz.”

Bilkuran irakurritako testua:

PENTSIO PUBLIKOAK ETA DUINAK. MURRIZKETARIK EZ, EZ INDARREAN DAUDEN EZ ETA IRAGARTZEN DIRENAK

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 2an egindako bileraren ondoren, erabaki genuen astelehenetako ohiko mobilizazioei berriro ekitea duela hiru urte baino gehiagotik egiten ari garen herri eta hiri guztietan, eta indar handiagoz borrokatzen jarraitzea gure aldarrikapen zuzen eta premiazkoengatik, eta Estatuko Gobernu Kontseiluak abuztuaren 24an onartutako pentsioak erreformatzeko lege-proiektuan jasotzen diren murrizketa berriak baztertzea. Horregatik:

Urriaren 1ean, adineko pertsonen egunean, kalera aterako gara, adinean aurrera egin ahala
eskubideak ez direla iraungitzen adierazteko eta mendekotasunari eta zaintzari arreta emateko
zerbitzu publiko unibertsalak eskatzeko.

Azaroaren 13an Hego Euskal Herriko kaleak beteko ditugu pentsio duinak, bidezkoak eta
nahikoak lortzeko, mobilizazioak hala erabakitzen duten erakunde sozial eta sindikalekin partekatuz.

Gure argudioekin eta mobilizazioekin erakutsi dugu Pentsioen Sistema Publikoa (PSP) guztiz
bideragarria dela, eta lortu dugu pentsioen errebalorizazioa bizi-kostuaren hazkundearen arabera
egitea; baina Gobernuak abuztuaren 24an onartutako Lege Proiektuaren edukia ezagutu ondoren,
salatu nahi dugu 2011ko pentsio-erreformak indarrean jarraitzen duela, pentsioak urtez urte
murriztuz, Iraunkortasun Faktorea izenez bakarrik aldatuko dela, gure aldarrikapenak ez direla
kontuan hartu eta ez direla bete.

Toledoko Ituna, Elkarrizketa Sozialerako Mahaia eta Gobernuaren Lege Proiektua ez dira
tresna izan pentsiodun gehienen beharrak asetzeko: gomendio eta akordioek aurreko murrizketa ia guztiak mantentzen dituzte eta murrizketa berriei ateak zabalik uzten dizkiete. Gizarte Segurantzako ministroak behin eta berriz adierazi duen eta orain Lege Proiektu bihurtu den helburua pentsioak berriro murriztea eta lan bizitza luzatzea da; lan gehiago egitea pentsio txikiagoa jasotzeko.

Baina udak pentsioei beste kolpe bat emateko balio izateaz gain, murrizketek zerbitzu
publikoetan eragindako narriadura eta horietan egindako inbertsio eskasa agerian uzten ari da.
Murrizketak osasunean eta zerbitzu soziosanitarioetan. Zuzeneko arretako zerbitzuak murriztea.
Bankuak pandemia baliatzen ari dira sukurtsalak ixteko eta arreta pertsonalizatua murrizteko.
Elektrizitatearen monopolioak argiaren ordainagiria handitu du, bere boterea eta Estatuko
Gobernuaren permisibitatea agerian utziz.


Soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak murrizteak; energia, kreditua eta aurrezpena
bezalako oinarrizko zerbitzuak oligopolio energetiko eta finantzarioen eskuetan uzteak, gizartearen gehiengoa pobretzen gaitu, gutxi batzuk aberasteko. Egoera onartezina da, eta horri ere erantzuna emango diogu.

Estatuko Gobernuari eta Euskal Autonomia Erkidegokoari eta Nafarroari eskatzen diegu egin
beharrekoa egin dezatela 2011ko eta 2013ko pentsioen eta 2010eko eta 2012ko lan-kontratuen
erreformak behingoz indargabetzeko; kalitatezko enpleguak sor ditzatela langileen bizitza
duinduko duten soldatekin; Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak hobetu ditzatela, gaurko eta
etorkizunerako pentsio publiko duinak bermatuz.

Pentsio publiko duinak.
Kalitatezko enplegua eta zerbitzu publiko unibertsalak.
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna.
Aberastasunaren eta lanaren banaketa ekitatiboa.

BATAK ALA BESTEAK GOBERNATU GUK PENTSIO PUBLIKOAK DEFENDATU

EUSKAL HERRIKO PENTSIODUNEN MUGIMENDUA

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen