Patinete elektrikoa 16 urtez gorako pertsonek eta 25 km/h-ra arte erabili ahalko dute

0
2611

Zirkulazio Ordenantza ostegun honetan onartzekoa da, eta testuak aurreikusten du patinete elektrikoarekin “espaloi, plaza eta lorategietan zirkulatzea debekatuta egongo dela“. Era berean, arautu egingo du oinezkoen eta bestelako ibilgailuen zirkulazioa “bizikidetza hobetzeko”.

Bigarren argazkia: Udala.

Arrasateko Udalak Zirkulazio eta Hiri Bideen Erabileraren Ordenantza berria prestatu du, “udalerriko kale eta espazio publikoetan mugikortasuna modu argiagoan, seguruagoan eta eguneratuagoan arautzeko”.

Onartzekoa den ordenantzak “mugikortasun eredua gaur egungo errealitatera egokitzen du, garraio modu berriak txertatuz eta espazio publikoa modu orekatuan banatuz”.

Helburuetako batzuk dira “trafikoaren segurtasuna indartzea, istripuak prebenitzea eta herritarren arteko bizikidetza sustatzea”.

Gainera, arauaren idazketa “pedagogikoagoa egin da. Ordenantza erabiltzaileen eta ibilgailuen tipologian oinarrituta antolatu da, eta horri esker edukia sinplifikatu eta kontsulta erraztu egin daiteke”. Horrela, “herritarrek errazago ulertu eta aplikatu ahal izango dute”.

Udalaren proposamena ostegunean aztertuko eta bozkatuko da Udalbatzarrean, ezohikoa, eta litekeena da onartua izatea.

2014koa da orain arteko ordenantza, eta ordutik “asko aldatu dira mugitzeko bitartekoak. Horren adibide da gaur egun oso hedatuak dauden patinete elektrikoak”.

“Baina ez hori bakarrik, ordenantzak mugikortasun modu guztiak arautzen ditu, oinezkoetatik hasi eta ibilgailu motordunak arte”.

Izan ere, “guztien arteko ardura eta elkarbizitza bermatzea nahi du ordenantzak, segurtasuna eta erabilera egokia sustatuz”. Mugikortasun mota hauek arautzekoak dira:

  • Oinezkoen zirkulazioa
  • Ziklo eta bizikleten erabilera
  • Patin eta monopatinen zirkulazioa
  • Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak (MPI), hala nola patinete elektrikoak
  • Motozikletak eta ziklomotorrak
  • Gainerako ibilgailuak

“Kasu askotan, zirkulazio-baldintza zehatzak ezartzen dira, baita pertsona eta salgaien garraioari buruzko arauak ere. Horrekin guztiarekin, ibilgailuei buruzko zalantzak modu argiagoan islatu dira arauan, haren ulermena errazteko”.

Isunei dagokienez, “arau-hauste arinek 80 euroko isuna izango dute, arau-hauste larriek 200 euroko isuna, eta arau-hauste oso larriek 500 eta 1.000 euro arteko isunak, larritasunaren arabera”.

Ordenantzak lehen aldiz modu zehatzean arautzen ditu Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak (MPI), hala nola patinete elektrikoak.

“Gailu hauek gero eta presentzia handiagoa dute kaleetan, eta horregatik arau argiak ezarri dira haien erabilerarako”.

Arrasaterako “neurri propioez gain, ordenantza honetan txertatu da indarrean sartu berri den arautegi estatala ere, jasota geratu dadin patineteen erabilera”.

Honako baldintza nagusiak ezartzen dira patinete elektrikoen erabilera egokirako:

  • 16 urtetik gorakoek soilik erabili ahal izango dituzte.
  • Gehienezko abiadura 25 km/h-koa izango da (edo 10 km/h-koa oinezkoen gune baimenduetan).
  • Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
  • Debekatuta egongo da espaloi, plaza eta lorategietan zirkulatzea.
  • Erabiltzaileek erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute.
  • Ezingo dira bi pertsona ibilgailu berean joan, eta ezin izango da telefono mugikorra edo entzungailurik erabili gidatzean.

Aipatzekoa da ere testuak 3 bide tipologia aurreikusten dituela:

  • Oinezkoen kaleak (soilik oinezkoendako)
  • Bizitegi-kaleak: oinezkoek galtzada osoa erabili dezakete, eta bestelako ibilgailuek (patinete, bizikleta, kotxeak…) lehentasuna eman behar diote oinezkoari.
  • Gainerako bideak: hemen sartzen dira bidegorriak edota ibilgailuen galtzadak (errepideak)

Halaber, patin eta monopatin konbentzionalen erabilera ere arautzen da, batez ere oinezkoekin partekatutako espazioetan segurtasuna bermatzeko.

“Oinezkoen lehentasuna bermatu nahi izan du” ordenantzak, eta horretarako eskubide batzuk ezartzen dizkie oinezkoei:

“Espaloiak eta oinezkoen guneak esklusiboak dira oinezkoentzat, eta mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasun absolutua dute (gurpil aulkiak oinezkoekin partekatzeko)”.

Halaber, betebeharrak ere izango ditu oinezkoak, “izan ere, ezingo du galtzada edozein lekutatik gurutzatu, soilik zebra-bide edota bizitegi guneetatik. Horrez gain, oinezkoek debekatuta izango dute bidegorrietatik ibiltzea”.

Ordenantzak ingurune eta ikastetxeetarako berariazko baldintzak ezartzen ditu, “herriko haur eta gaztetxoen segurtasuna lehenetsiz”.

Eskola-inguruneetan trafikoa “lasaitzeko neurriak, seinaleztapen berezia eta babes-neurriak aurreikusten dira, gazteen segurtasunaren aldeko apustu argi baten baitan”.

Garazi Etxeberria San Miguel zinegotziak baieztatu du “mugikortasun arauak guztiok errespetatzeko eginak direla, elkarbizitza orekatu eta seguruago bat bermatzeko”.

Ordenantza ostegun honetan hasieraz onartzea aurreikusten du, eta, alegazio epeak amaituta, udan behin betiko onartzea.

“Ondorioz, aurreikusi dugu iraileko mugikortasun astean araudi berriaren sozializazio eta kontzientziazio kanpaina jartzea martxan, herritarrek uler dezaten araudia errespetatzearen garrantziaz”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen