Palestina askatzeko, Israelen aurka bilkurak egin dira, KS eta IAren eskutik

1
688

Estatu sionistak genozidio honetan 35.000 lagun baino gehiago erail ditu, hainbat estaturen konplizitatearekin. Ondorioz Kontseilu Sozialistaren bilkurak palestinarren erresistentziarako eskubidea babestu du plazan. Bigarren bilkura Arrasateko Institutuan egin da aste honetan. Halaber, dei egin da larunbat honetan Iruñean egingo den manifestazio nazionalera.

Bigarren argazkia: Debagoieneko Ikasle Abertzaleak / Beheko testua: Kontseilu Sozialista Deba Bailara.

Maiatzaren 15ean Nakbaren edo “Hondamendiaren” eguna oroitzen dute Palestinan. Izan ere, duela 76 urte, sionismoak palestinarren aurka abiarazitako erasoaldiaren ondotik sortu zen ofizialki Israelgo Estatua, mendebaldeko potentzia inperialisten babesarekin. Gertaera hark argi erakusten du estatu sionistaren oinarrian Palestinako lurren okupazioa eta palestinarren aurkako kanporaketa eta erailketa izan direla hasieratik.

Aurtengo urriaz geroztik, Israelek palestinarren aurkako sarraskia indartu du: 7 hilabete baino gehiago daramatza inpunitate osoz Gaza suntsitzen eta palestinarrak beren lurretatik kanporatzen. Gainera, aurreko hilabeteetan Gazako hirigune nagusiak bonbardatu eta miliotik gora palestinar Gaza hegoaldeko Rafah hirira kanporatu ondoren, aurreko astean Rafah suntsitzeko erasoa abiarazi du estatu sionistak. Astebetean beste ehunka hildako eta milaka zauritu gehiago eragin ditu. Rafahko eraso kriminalak argi erakusten du Israelek ez duela palestinarren kontrako sarraskia gelditzeko asmorik.

Estatu sionistaren inpunitatearen oinarrian, ordea, mendebaldeko gobernuen eta alderdi politiko profesionalen sostengua dago. Batzuek zuzenean babesten dute estatu sionista. Beste batzuek aldiz, bakearen aldeko promesa faltsuak egin arren ez dute neurri errealik hartzen genozidioa gelditzeko. Horren adibide garbia da PSOE buru duen Espainiako Gobernua. Palestinaren aldeko adierazpenak egin eta laster Palestinako Estatua aitortuko duen arren, Israeli inoiz baino arma gehiago saltzen ari da eta estatu sionistarekin harreman diplomatiko, politiko eta ekonomikoak izaten jarraitzen du. Hau da, genozidioa aktiboki babesten ari da. Horregatik, guk Espainiako gobernuaren eta bere sostengu diren alderdien posizio hipokrita salatzen dugu.

Palestinaren aitortza formala zein bi estatuen proposamena gehiago dira sozialdemokraziaren aurpegi zuriketarako promesa faltsuak, soluzio erreal eta justuak baino. Batetik, sionismoak hamarkada luzez frogatu duelako ez dagoela prest estatu palestinar bat eta milioika errefuxiaturen itzulera onartzeko. Bestetik, palestinar estatu baten onarpen formal batek ez dituelako sionisten kolonizazioa eta hedapena geldituko. Proposamen horiek gainera, Israel zilegiztatu eta palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea ukatzen dute. Gure ustez, palestinarren askatasuna Israelen desegitearen eta Palestinaren deskolonizazioaren eskutik etorriko da. Eta horretarako, palestinarren erresistentziarako eskubidea babestu eta sionismoaren konplizeak borrokatu behar ditugu.

Horrez gain, presente izan behar dugu palestinar herriaren aurkako sarraskia eta mendebaldeko herialdeen militarizazioa txanpon beraren bi alde direla. Kapitalismoak bere oinarrian dauka gerrarako joera; eta Palestinako genozidioa, eta NATOko herrialdeak gerrarako prestatzen aritzea dinamika kapitalista beraren bi aurpegi dira. Horregatik, Palestinar herriaren askatasunaren alde eta gerrate inperialista guztien kontra, premiazkoa da klase kapitalistari aurre egingo dion nazioarteko indar sozialista bat antolatzea. Guk norabide horretan lanean jarraituko dugu Kontseilu Sozialistetatik.

Bukatzeko, dei egiten dugu maiatzaren 18an, Palestinarekin Elkartasuna plataformak Iruñean antolatu duen manifestazio nazionalean parte hartzera.

Israelgo estatu sionista suntsitu! Palestina askatu!

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen