Ozenkik antolatutako La Traviata ikusteko sarrerak gaur jarri dira salgai

0
1326

Gaur, ostirala, irailaren 26an, jarri dira salgai Giuseppe Verdiren La Traviatarako sarrerak. Denboraldi honetan Ozenki elkarteak taularatuko duen bigarren ikuskizuna izango da. Azaroaren 2an, 19:00etan, Arrasateko Amaia antzokian eta Opera 2001 konpainiaren eskutik, Verdiren obra ospetsua Amaiaren eszenatokian antzeztuko da.

Nazioarteko abeslari eta artista ugarik hartuko dute parte. Violetta Valery Camelietako dama eta Parisko kortesana ospetsuari ahotsa jarriz, Gabrielle Philiponet soprano frantsesa eta Yeonjoo Park korearra izango dira. Haiekin batera Haruo Kawakami eta David Baños tenorrek, Jiwon Song baritonoak eta Paulo Rugiero eta Leonora Ilieva mezzosopranoak osatuko dute kartela. Martin Maczik esloveniarraren batutak zuzenduko ditu.

Sarreren prezioa 30 eurokoa izango da, eta Kutxabanken, Amaia antzokiko leihatilan, udal webgunean, ozenkielkartea@hotmail.es helbide elektronikoan eta Arrasateko Altuna drogerian erosi ahal izango dira.

Lirika Gaztea

Musika, abesbatza eta lirikaren euskal balio gazteen errezitaldia izango da.

Ozenki elkarteak, urriaren 4an, larunbata, 19:30ean, Arrasateko JAMEn emango dio hasiera denboraldi honetako programazioari, Lirika Gaztea ohiko kontzertuarekin. Aurten, A Tempo Koruaren eskutik etorriko da, Euskal Herriko hainbat txokotako 18 eta 25 urte bitarteko gazte musikari eta abeslariek osatua, 10 gazte musikarik osatutako orkestra barroko batekin.

Agertoki gainean, Errenazimentuko eta Barrokoko estetikaren barruan esperientzia aberatsa eta askotarikoa eskaintzea bilatuko duen proposamen bat, edertasun eta sakontasun artistiko handiko une koralak eta instrumentalak, J.S. Bach, Handel edo Hery Purcell bezalako egileekin konbinatuz, besteak beste.

Instalazio berri bat, kontzertu proposamen intimoagoa ahalbidetzen duena eta ikuslea euskal musikaren panoraman nabarmentzen ari diren artista eta koru musikari gazte hauen ahotsetara hurbilduko duena

Sarreren prezioa 15 eurokoa da, eta dagoeneko Kutxabanken, Amaia antzokiko leihatilan, udala webgunean, ozenkielkartea@hotmail.es helbide elektronikoan eta Arrasateko Altuna drogerian erosi daitezke.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen