Ostalariek terrazetan egindako inbertsioak diruz lagunduko ditu Arrasateko Udalak

4
1034

Testua: Udala.

Arrasateko Udalak ostalaritza eta bestelako aktibitateek terrazetan egindako inbertsioak laguntzeko diru-laguntza lerroa jarri du abian. Laguntza hau Udala herriko ostalaritza babestu eta indarberritzeko sortu duen Berraktibazio Planaren bigarren neurri-sortaren baitan kokatzen da.

Laguntzak Arrasateko establezimenduei zuzenduta daude, beti ere, aktibitatea garatzen den lokalaren kanpo aldean jarritako instalazioak finantzatzeko jomugarekin. Hori horrela, laguntzaren onuradunak izango dira Arrasateko ostalaritza, eta baita, ostalaritza aktibitatean zehazki ez daudenak baina lokal kanpoan, terraza zerbitzua daukatenak.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko material erosketak edo inbertsioak lagunduko ditu (toldoak, sonbrillak, jaimak, manparak, altzariak, berogailuak…). Gehienez, %25a finantzatuko da, 2.000 euroko mugarekin enpresa edo aktibitate bakoitza.

Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n bukatuko da. Informazio gehiago: arrasate.eus

Terrazen azalera-bikoizketa eta ordutegiaren zabalpena mantenduko dira 2021ean

Datorren urtera begira, Arrasateko Udalak pandemia garaian ostalaritza sektoreari begira hartutako hainbat neurriri jarraipena emango die: hala nola, terrazen bikoizketa eta ordutegien zabalpena mantenduko da.

Honela, terrazei espazio bikoitza ahalbidetzen jarraituko du Udalak, uda aurreko deseskalatze fasean egin moduan, inolako kostu gehigarririk gabe.

Ordutegien kasuan, berriz, terrazak irekitzeko ordutegia zabalduko da 2021ean, pandemia garaian onartutako zabalpena mantenduz: goizeko 7:30ean ireki ahal izango dute zerbitzuak emateko, orain arteko goizeko 10:00ak ordez.

Ur tasaren zati finkoa eta zaborren tasa ez zaie kobratuko ostalariei, ezta elkarte gastronomikoei ere

Azken hiruhilekoaren ur tasaren zati finkoa ez da kobratuko, hau da, urria, azaroa eta abendua eta zaborraren tasari dagokionean, azken bi hilabeteei dagokion tasa ez da kobratuko, azaroa eta abendua. Ostalariei aplikatuko zaie neurria, baina baita elkarte gastronomikoei ere.

Jada aurretiaz, Arrasateko Udalak maiatzean jarritako Berraktibazio Planaren baitan, 2020ko lehen sei hilabeteko zabor tasa eta ur tasaren hobaria eman zen. Era berean, terrazei dagokienez, 6 hilabeteko hobaria egokitu zen.

Neurri hauekin orainarte 656 negozio lagundu dira, 330.000 eurotako balioarekin. Orain, Udalaren jomuga, Covid-19ak saihesteko ezarritako itxialdian, ostalaritza alorreko enpresa txiki eta autonomoak lagundu, euren biziraupena bermatu eta enplegua babestea da.

Arrasateko irabazi asmorik gabeko elkarteen inbertsioak laguntzeko diru laguntza berria abian

Dirulaguntza lerro honen helburua da COVID 19ko pandemiagatik beharrezkoak diren higiene neurri bereziak ezartzeko gastu eta inbertsioak finantzatzea. Laguntzak zuzenduta daude Arrasateko irabazi asmorik gabeko elkarteei, beraien eginkizuna Arrasaten gauzatzen dutenei.

Laguntza lerro honen bitartez diruz lagunduko dira COVID 19 pandemiagatik zerbitzua emateko ezarri beharreko higiene neurri berezi berriekin lotutako halako produktu, ekipo edo eta instalazioen gastuak: BEP (babes ekipo pertsonalak), espazioak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak, erabiltzaileak babesteko instalazio eta ekipo bereziak, eta derrigorrez egin behar dituzten COVID 19arekin lotutako test-ak.

Programa honek lagunduko ditu 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko gastu edo inbertsioaren %50a, gehienez jota 500 € elkarte bakoitzari.

Abenduaren 15a bitarte egin daitezke eskaerak BAZen.

4 IRUZKIN

  1. Neurri hauek ostalaritzaren alde hartu dira, baina biztanleekin adostu barik. Badakigu kinka larrian daudela baina, portaleko atea zabaldu eta mahai bat ate aurrean topatzea, jendez beteta, batzutan epelduta, zarataka eta sarritan gure sartu-irteerak oztopatzen, maskararik gabe, noski…ez digu bape graziarik egiten.
    Tabernen inguruan bizi direnen biztanleei errespetu piska bat, mesedez.

    • Ba oso ondo bizi izan zarie Mariakin tabernen zarataz kejatzen zarienok. Ubarretxerrena anderea eta bere sonografuak ondo zapuztu daue Arrasateko Gau girua.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen