Ozenki Elkarteak antolatuta, ‘Una noche en el teatro de la comedia’ izango da abenduaren 15ean Amaia Antzokian. Guridi, Verdi, Strauss-en,… musika entzungai izango da, abeslari eta aktore nabarmenekin. Sarrerak azaroaren 13an jarri ziren erosgai.
Kartela: Ozenki.
Arrasateko Ozenki Elkarteak beste behin Gala Lirikoa antolatu du, Amaia Antzokian jendarteratuko dena, eta oraingoan musikaren inguruko trama bat izango da, antzerki barruko trama bat.
Horretarako, antzerki lirikoko abeslari eta aktore nabarmenak ariko dira, eta beraiek nabarmenduko dituzte egoera dibertigarri eta burugabekoak, Josean Garciaren jatorrizko libretoan azaltzen direnak.
Ekitaldi atseginean Guridi, Sorozabal, Bellini, Donizzeti eta Verdiren obrak eskainiko dira, baita Franz Lehar-en ‘La Vida Alegre’ eta Johann Strauss-en ‘El Murciélago’ opereten zati batzuk ere.
Horretan arituko dira Gema Scabal sopranoa, Facundo Muñoz tenorea eta Antonio Torres baritonoa. Nazioarteko abeslari hauekin batera Musikeneko ikasle Estibaliz Arroyo eta Jon Imanol Etxabek jardungo dute.
Halaber, aktore lanetan Ekaitz Gonzalez de Urretxu, Koldo Torres, Jose Angel Otegui eta Aurora Telletxea izango dira, publikoak ondo pasa dezan Amaia Antzokian. Pianoan Arkaitz Mendoza izango da eta zuzendaritzan Josean Garcia.
Opereta ezaguna arratsaldeko 20:00etan hasiko da Amaia Antzokian. Sarrerak azaroaren 13an jarri ziren erosgai, eta oraingoz sarrerak lor daitezke, adibidez udal-webgunean.