Testua: EH Bildu
Udal Gobernuak orain dela 3 aste Arrasateko Udaletxeko aurrekontu proposamena aurkeztu zigun, horren gainean gure ekarpenak egiteko.
EHBILDUtik herriaren bizitzan, zaintzan, berdintasunean, kulturan… oinarritutako 20 proposamen egin dizkiogu Gobernuari, herriarekiko dugun konpromisoari eutsiz eta udal politikan berezko dugun ikuspegi sozial eta ezkertiarretik eragiteko asmoz.
20 proposamenak hauetxek dira:
-Autobus geltoki berriaren kokapenaren azterketa
-Bidegorri sarea bukatzekoplangintza sortzea
-Neguko aterpetxea egitea
-Jantoki sozial bat martxan jartzea
-Interbentzio psikologiko zerbitzua sortu, baliabiderik ez dutenen herritarrentzako.
-Babeseko etxebizitza parkea haunditzea
-Langileriaren soldata kpi-ra egokitzea
-Osiñako biribilgunearen ondotik oinezkoentzako bide seguru bat egitea
-Santa Barbara parkearen duintzea, egunezko erabilera sustatzeko
-Osiña eta Intxausti natur eremu moduan mantentzea
-Arrasate eta Aramaio arteko bidegorria sustatzea
-Arrasate eta Elorrio arteko errege bidea berreskuratzea
-Udalabide proiektua: Udalara oinezkoentzako bide seguru eta segregatu baten proiektua egitea
-Kultur ekitaldien sarreren gestio gastuak herritarrei ez kargatzea -Zuhaitzen landaketarako partida sortzea
-Etxezarretako lorategiaren sarrerak duindu herritarren aisialdirako egokituz
-Iturbide egoitzaren aurrean arnas gune bat sortzea
-Musakolan Aterpe bat jartzeko proiektua martxan jartzea
-Kale garbiketaren arrazionalizazioarentzako azterkea egitea.
Guzti horietatik, hizki lodiz dauden azkeneko zortziak bakarrik onartu ditu PNV-PSOE gobernuak. Euren onarpena urrun geratzen da gure helburuetatik, 2022rako prestatu duten aurrekontua urrun geratzen den bezalaxe Arrasateko EH Bilduk herrirako sustatuko lituzkeen politiketatik.
Halere, onartu dizkiguten proiektuak, euren txikitasunean, herritarren bizi kalitatea hobetzeko urratsak badirenez, Udalbatzarraren gaurko bilkuran abstentzioaren alde egingo dugu.
Dena dela, aurrekontuarekiko gure jarrera ez da gaurko bozkarekin amaituko.
Konbentzituta gaude Udal politikek Arrasate herri euskaldun, feminista, solidario eta atseginagoa izaten lagundu dezaketela. Bide horretan egin ditugu 2022ko aurrekonturako ekarpenak eta bide horretan jarraituko dugu lanean Udaletik zein herrigintzan.
Bai ideia faltan dagoen gobernu baten aurrean gaudelako, baita ere proiektu ikusgarriak egingarri ez diren aldetik, benetako eta herriak egunerokotasunean dituen beharrei dagokionean, ekarpen falta igarri dugulako, baina, batez ere, horixe delako etorkizunerako nahi dugun Arrasate.
Gaur gaurkoz, positiboki baloratzen dugu udal aurrekontuari egin diogun hobekuntza, herriak bere horretan jarraitu ez dezan eta aurrera pausoak eman ditzan gure ekarpena egiteko aukera izan dugulako.
Bukatu aurretik, esan, 2022rako aurrekontuan txertatzea lortu ez arren, oso gogoan dugula guretzat lehentasunezkoak diren hainbat zerbitzu eta udal sailen egoera larriari buelta emateko urgentzia. Gazte txokoaren aldaketa, Emakume txokoaren segurtasun falta eta jauzi kualitatibo bat emateko behar duen espazio berri baten beharra, kale gorrian bizi direnendako aterpetxea, udaleko hezkuntza sailaren egoera prekarioa, euskara biziberritzeko udal plan integral baten premia…
Udal gobernuak badaki gu prest gaudela gai horiek guztiak elkarrekin lantzeko eta mahai gainean uzten ditugu oraingo honetan, berandu gabe helduko diogun esperantzan.