Ointxe: “Uste dugu beharrezko gutxieneko babesak bildu ditugula”

0
1038

Saskibaloi klubak Arrasate Kirol Sarietan adierazi du lortu duela emakume taldeak LF2 kategorian jokatzea 2024/2025ean.

Artxiboko argazkia: Angel Ayastuy-Ointxe.

Horren berri eman du gaur arratsaldean saskibaloi elkarteko Zuzendaritzak, Arrasateko Kirol Sariak lehiaketako sari banaketan.

Oihane Agirre lehendakariak adierazi du, eta eskerrak eman dizkie, besteak beste, Arrasateko Udalari.

Hortaz, kantxetan lortutako igoera bulegoetan gauzatu da. Oholtzara igo dira ere Zuzendaritzako beste kideak, besteak beste, Jose Mari Balzategi eta Txus Perez.

Iragarri duenez taldeak 2024/2025ean “Iturripen” jokatuko du, eta zaleei kiroldegira bertaratzera animatu ditu.

Gainera, aipatutako sarietan Talde Onenaren saria erdietsi du, eta horrenbestez, zorion bikoitza!

Hona hemen klubak ezagutzera eman duen testua:

“Ointxe! klubak baietz esan dio Liga Femenina 2 mailan jokatzeari”:

“OINTXEk uste du beharrezko gutxieneko babesak bildu dituela kantxetan lortutako txartelari baietz esateko. Hiru asteko eromena bizi izan dute Zuzendaritzako kideek”.

“Lehen Nazional mailako Mondragon Unibertsitatea taldeak joan den maiatzaren 24an lortu zuen Granadan igoera. Gaur zen azken eguna Espaniako Federazioan, plaza onartzen genuen ala ez esateko. Epe laburrean jo dugu erakunde publikoetara, enpresa pribatuetara eta Espainiako Federazioara”.

“Ezin da esan dena lortuta dagoenik, eta, beraz, beharrezkoa izango da hainbat ekimen abian jartzea datozen hilabeteetan, baina gogotsu gaude eta ziur gaude Arrasate eta eskualdeko zaleek ere erantzungo dutela”.

“Mondragon Unibertsitateak taldearen babesle nagusi izaten jarraituko du, eta beste hainbat babesle gehituko dira, amets eta aukera paregabe hau gauzatzen lagunduko dutenak”.

“Oraindik ere zuzendaritza lankidetza horien xehetasunak fintzen ari da eta akordio guztiak amaituta daudenean, beharrezko bideak jorratuko dira enpresa horiek aurkezteko”.

“Maila instituzionalean, erronka handi honetan bidelagun izan ditugu Arrasateko Udala eta Aretxabaletako Udala , eta oraindik ez da Foru Aldunditik espero den laguntzarik iritsi”.

“Espainiako Federazioak Iturripeko kantxan partidak jokatzeko oniritzia eman digu. Hau horrela izan dadin, hainbat egokitzapen egin beharko dira bertan”.

“Denboraldiaren planifikazioa hasiko da orain, eta zeregin nabarmena izango du gure Kirol zuzendariak, “Arri”k. Talde lehiakor bat eratzeko helburu argiarekin, maila berrian finkatzea lortuko duena, baina mailaz igotzeko protagonistak izan diren jokalariak oinarri dituena. 2010ean abiatu genuen proiektu anbisiotsu hau eta orain, 2024an, emakumezkoen saskibaloiko ibilbide guztia egonkortzea lortu dugu. Hasi saski eskolatik eta senior mailaraino emakumezkoen taldeak izatea egi bihurtu den ametsa da. Gurea eskualdeko proiektu bat da; bailara honek izango du lehenengo aldiz goi mailan jokatuko duten emakumezko saskibaloi talde bat. LF2ean jokatuko duen talde hau erreferente bilakatu da, eta erreferenteak izatea ezinbesteakoa da, bereziki emakumezkoen taldekako kirolean eta adin horietan”.

“Beraz, poz handia Ointxe! familia osoarentzat, eta baita ere, Arrasaterentzat eta Debagoiena osoarentzat”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen