Oinezkoentzat espazio berriak probatzea proposatu du EH Bilduk

1
1847

Beheko testua eta irudiak: EH Bildu.

Dagoeneko hiri batzuek espazio bereziak prestatu dituzte oinezkoek 2 metroko segurtasun neurria izan dezaten, kontagioen aurrean neurri eraginkorrenetako bat baita. Bide horri jarraituz, Arrasateko EH Bilduk udal gobernuari proposamen bat egin nahi dio, oinezkoek eta kirolariek lekua irabaz dezaten. Oraingoz proba txiki bat egitea proposatzen du Maider Morrasen taldeak, alegia, datorren asteburuan errepide zati bi oinezkoentzat bideratzea, beti ere, jende gehien ibiltzen den orduetara begira.

Arrasateko EH Bilduk oinezkoentzako espazioak zabaltzea proposatzen du, herri barruan 2 metroko segurtasun tartea errazago bete dadin eta umeek jolasteko leku gehiago eduki dezaten. Horrela “erdigunea oinezkoentzat bihurtu nahi dugu jende gehien egoten den orduetan”. “Krisi garaietatik onena atera daitekeela jakin badakigu eta egoera bereziek irtenbide bereziak eskatzen dituztenez, uste dugu datorren asteburua erabili dezakegula oinezkoek eta kirolariek espazioa irabaz dezaten” gaineratu du Morrasek.

Proposamen honek zuzenean eragingo lioke Garibaiko eta Gelmako errepideari, bi “rekta” horiek oinezkoentzat prestatuz, erdialdean lasaiago jolastu ahal izango lukete haur eta gazteek eta eremu bikainak lirateke adibidez patinekin ibili edo nagusiek paseoak emateko. Mugikortasun egokitzapen honek, trafikoa dispertsatu eta deskongestionatu egingo luke, bizikletentzat errail bat zabaltzeko aukerarekin. “Noranzko bakarreko errailak planteatzen ditugu Nafarroa etorbidean eta Zerrajerako etxeetako atzealdean, kotxe gutxi dabil eta soberan geratzen den erraila bizikleta zaleentzat oso erabilgarria bilakatu daiteke” azpimarratu nahi izan du Morrasek.

“Oinezkoentzako espazioak irabazten ditugun heinean 2 metroko segurtasun distantziak hobeto konplitu ahal izango ditugu eta deseskalada handitzen doan heinean, oinezkoen eta trafikoaren arteko oreka berri bat topatu beharko dugu. Larunbat eta igandean, goizeko 9:00etatik eguerdiko 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 21:30era oinezko eta kirolariek eskertuko dute espazio gehiago” uste dute EH Bildutik.

“Guk proposamen zehatz bat daukagu Arrasate berrasmatzeko COVID-19aren egoera gurekin dagoen bitartean, eta egoera hau aukera moduan ikusten dugu etorkizuneko errealitate berria eraikitzeko” nabarmendu du Morrasek.

Mahai gainean jartzen duten planak kotxean edonora iritsi ahal izatea jasotzen du oinarrian, denon garaje sarrera/irteerak errespetatuz.

Oinezkoen espazioak irabazteko kotxeek kasu batzuetan buelta gehiago eman beharko dute. “Hiri nagusiak moldaketa hauek egiten ari dira eta Arrasatek ere merezi du errealitate berrira egokitzeko plan urgente bat. Herritarrak erdigunean jarriko duen Arrasate bat eraikitzeko aukera zabaltzen digu egoera honek” azpimarratu dute koalizio abertzaletik.

Datorren astekoa proba bezala planteatzen da eta hau ondo irtengo balitz herriko beste zonalde batzuetara posible egingarri ikusten da hurrengo aste bukaerarako oinezkoentzako guneak zabaltzea. Mugikortasunari begirako berrantolaketaren hastapen bat da planteatzen dutena hasierako plan honekin. Ostalaritzara begira ere trafikoaren berrikusketa honek aukerak zabaldu diezaieke terrazarik ez duten hainbat taberna eta hainbat komertziori.

“Guk plan zehatza daukagu. Herritarren kontzientziazioa eta ardura eskatzen du baina mugikortasun plan honek ekonomikoki zero kostua dauka”. “Gu oposizioa gara eta Arrasateko herriarentzat onena nahi dugu, baina horretarako alkatea gurekin esertzea ezinbestekoa da” eskaera eginez amaitu dute EH Bilduko kideek.

Iruzkin 1

  1. Oso ekimen positiboa ikusten dut. Zoritxarrez udal gobernutik herritarrei honelako ekimenekin laguntzea baino errepresioa eta balkoi poliziaetara herrekurritu du ,beldurra eta herritarrei gehiegizko errespontsabilitatea exigituz beraien inoperantziak eskutatzeko. Bestalde ordua zen oposiziotik horrelano ekimenak bultzatzen eta GOBERNU inoperante honi erantzunkizunak eskatzea. MARIA UNARTETXENA UTZI KARGUA. LOTSA ETA GURE HERRIAREKIKO ERRESPETU BAT.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen