Hezkuntza sistemaren “izaera inposatzailea” gaitzetsi dute, erabakiak “gutxi batzuen esku” egonda. Protesta gisa, Institutuko sarrera nagusia katez itxi dute, urriaren 27ko grebara begira.
Argazkia: Debagoieneko Ikasle Abertzaleak.
Ikasle Abertzaleek salatu dute “gizartea gero eta pobreagoa dela”, eta egungo hezkuntza ereduak “miseria horretan bizitzera kondenatzen gaituela”.
Erakunde honek ikusten duenez “heziketa desegiten ari da”, eta egungo hezkuntza “diziplinamendu prozesu hutsa da”.
IAk gaitzesten duenez, egungo hezkuntza sistemaren “izaera inposatzailea da”, erabakiak “gutxi batzuen esku” daudelako, “politikariak bezalakoak”.
Testuinguru honetan “ikasleek, irakasleek, gurasoek,… ez dugu erabaki esanguratsuei buruzko informaziorik”.
Gainera egungo hezkuntza sistema “baztertzailea da, ikasle txiroenak baztertzen baititu eta segregazioan oinarritzen baita”.
Egoera horren aurrean, “Hezkuntza Legea eta LOMLOE bezalako lege erreformek, arazo horiek konpondu ordez, larritzen dituzte”.
Ikasle Abertzaleek “ez dugu erdibideko konponbiderik nahi”, eta grebara deitzen dute urriaren 27rako, datorren ostegunerako.
Hartara, atzo goizean “desnormalizazio ekintza bat” egin zuten, Arrasate Institutuko sarrera nagusia kate batekin itxiz.
Ildo berean, atzo patio orduan grebarako arrazoiak azaldu zituzten megafoniaren bitartez, eta klaseen ostean eskuorriak banatu zituzten ikasleen artean.
Grebaren goiburua ‘Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!’ da, eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazio bana egingo dute.