“Nafarroan gutxieneko pentsioa osatu ahal bada, zergatik EAEn ez?”

0
709

Arrasateko Pentsiodunek asteleheneroko bilkuran, borrokaren 6. urteurrenean, azpimarratu du “Nafarroan urrats garrantzitsuak egiten diren bitartean, deitoratzen dugu EAEn gobernuak ez dituela kontuan hartu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako aurrekontuei egindako zuzenketak”.

Argazkia eta beheko testua: Arrasateko Pentsiodunak Taldea.

Gaur ere gure borrokak emaitzak dituela ospatuko dugu

Gure mobilizazioetatik 6 urte bete direnean gure aldarrikapen esanguratsuetako batek badu bidea irekita, EAEko eta Nafarroako gobernuek 1.080 euroko gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan osatzeak, hain zuzen.

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduko talde parlamentarioaren arteko akordioen parte da, eta Euskal Herriko udal askotan aurkezten ari garen mozioen aldeko harrera ere zabala izaten ari da, Gipuzkoako Batzar Nagusiena barne.

Nafarroako akordioa, eta haren aplikazioa ezagutzeko zain, aurrerapauso bat iruditzen zaigu; gure aldarrikapena Nafarroako Gobernuaren lan agendan sartu da, eta haren helburua PFEZren Pentsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kenkariaren bidez, osagarria 2025ean gauzatu dadin beharrezkoak diren arau aldaketak aztertzea da.

Berriro ere frogatu da borrokarekin helburuak lor daitezkeela. Hori posible izan da, duela sei urtetik Nafarroan eta EAEn EHPMren aldetik sustatzen ari garen mobilizazioei esker.

Nafarroan ildo horretan urrats garrantzitsuak egiten diren bitartean, deitoratzen dugu EAEn gobernuak ez dituela kontuan hartu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako aurrekontuei egindako zuzenketak, gutxieneko pentsioak 1.080 eurora osatzeko eskatuz, hain zuzen. Nafarroan posible bada, zergatik ez da hala EAEn?

Aurrera egiten ari garen urratsek mobilizazioak areagotzeko argudioak ematen dizkigute. Ziur gaude borroka hau irabazi egingo dugula.

Gutxieneko pentsioak 1.080 euroan osatzeko eskatzen dugu, bai EAEn, bai Nafarroan ere. Orain! Pentsiodunen bizi-baldintzen okertzeak ez du egun bat gehiago ere iraun behar.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen