Lapurreta uholdea ez da bukatzen Arrasaten. Gaur gauean hainbat ezezagun Musakola auzoko kafetegi klasiko batean sartu dira (zenbat izan diren baieztatzeko dago oraindik) eta, lokaleko beirateetako bat apurtu ostean, barrura sartu dira. Han, makina txanponjolea apurtu dute, eta haren barruko billeteak lapurtu dituzte. Makina erregistratzailean ere lapurtu dute, eta diru guztia eraman dute.
Goizaldeko ordu bata eta erdiak aldera gertatu da lapurreta, eta Ertzaintza, une horretan tokitik urrun ez zegoena, lokalean agertu da bost minutuan. Lapurrak atxilotzeko garaiz iritsi ez diren arren, hautsitako kristalean odol laginak aurkitu dituzte, eta lokaleko kameren grabazioa jaso dute. Barruan mailu bat aurkitu dute, eta, ustez, lokalera sartzeko zein makina txanponjolea irekitzeko erabili dute. Tabako makina irekitzen ere saiatu dira baina dirudienez ez die ezer hartzeko denborarik eman.
Hala hitz egin du Mondraberrirentzat lokaleko jabeak: “Poliziak goizeko ordu biak laurden gutxiagotan eman dit abisua, eta txikituta aurkitu ditut makina eta kristala. Oraindik izua daukat gorputzean. Ez dago eskubiderik beti berdin egoteko. Norbaitek zerbait egin beharko luke egoera honi konponbidea jartzeko “.