Musakolako igerilekuak itxita egongo dira momentuz haizetearen ondorioz

0
1645

Haizeak gogor jo du bart Arrasaten. Alerta laranja ezarria zegoen gaur goizeko 06:00ak bitarte haizeteengatik eta gaur, urriak 21, alerta horian dago Gipuzkoa osoa. ‘Barbara’ denboraleak ondorio ugari utzi ditu Arrasaten, ondorioz, Udaltzaingoak eta suhiltzaileek 12 irteera burutu behar izan dituzte seinale eta zuhaitzen erorketen, autobus-geltokien eta edukiontzien kalteen, bestelako ezbeharren, … ondorioz. Foru Aldunditik azaldu dutenez “udalerriei erreparatuz gero, Irun 15 irteerekin eta Arrasate 12rekin izan dira herririk kaltetuenak”.

Musakolako kiroldegiko igerilekuak itxita egongo dira gaur, urriak 21, igerilekuko kristaleran haizeak eragindako kalteen ondorioz. Une honetan Udala aztertzen ari da bertako segurtasun-egoera, beharrezkoak diren neurriak hartu eta ahalik eta lasterren baldintza egokietan zabaltzeko.

Gehien errepikatu diren ezbeharrak zuhaitzen, trafiko-seinaleen eta edukiontzien erortzeak izan dira. Udaltzaingoak eta lorazaintzako langileek lehen ordutik eroritako zuhaitzak kentzen dihardute. Bestetik kaltetutako trafiko seinaleen zerrenda ari dira egiten udaltzainak, ahalik eta lasterren berrezartzeko.

Horrez gain, ugariak izan dira haizeak mugitu edo irauli dituen edukiontziak. Horiek lehengoratzeko lanean dihardu Udalak Debagoienako Mankomunitatearekin elkarlanean. Telefoniaren zutoin ugari ere bota ditu haizeak eta autobus-markesina ugaritan ere kalteak egon dira, esaterako Santa Teresakoan. Udala “ezbehar oro aztertu, bideratu, konponbidea ezarri eta zerbitzu oro ahalik eta lasterren berrezartzeko lanean ari da”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen