Testua eta kartela: Arrasateko Udala
Musakolako gaztetxokoa agurtzeko unea iritsi da. Gaur egun gaztetxokoa hartzen duen eraikina eraitsi egin behar da eta, ondorioz, nerabeei zuzendutako aisia gunea lekuz aldatu behar da. Urteetan Arrasateko 12 eta 17 urte bitarteko nerabe askoren bilgune izan da Musakolako gaztetxokoa, baina etapa honi amaiera emateko ordua iritsi da, eta agur ekitaldia antolatu du nerabeen zerbitzuak ostiral honetarako, urriak 27.
Agur jaia 17:30ean hasiko da, aurpegi margoketarekin. 18:00etatik aurrera Musakolako gaztetxokoarekin lotura zuzena eta berezia duten Rebel Noise eta Hankaz gora taldeen kontzertu akustikoak entzun ahalko dira, eta 19:00etan afari musikatuari emango zaio hasiera.
Ekintza guztiak auzotar guztiei zuzenduta egongo dira, ez bakarrik nerabeei. Urte askotan zehar gaztetxokoaren inguruan hainbat eta hainbat gaztek bizi izan dituzten momentu berezi asko gogoratzeko unea izango ostiraleko jaia. Beraz, auzotar guztiei bertaratzeko gonbitea luzatzen die Arrasateko Udalak.





