Musakola Herri Eskola berritzeko obrak, azkenik abian, “17 hilabete” iraungo du

0
725

Jaurlaritzak aurten TECSAri esleitu dizkio obrak, 5’5 milioi eurotan, BEZ barne. Azkenik, lanak martxan daude, eskolaren kanpoaldean bederen. Etorkizuneko eraikinak Lehen Hezkuntzarako 6 gela izango ditu, besteak beste.

Zenbait atzerapenen ostean, Eusko Jaurlaritzak aurten 5.731.067,15 euroko aurrekontua onartu du obrak egin ahal izateko.

Aurtengo lizitaziora 4 enpresa aurkeztu dira, eta TECSAk lortu du baloraziorik onena. Esleipena aurtengo uztailaren 17an izan da.

Obrak egitearen truke, Eusko Jaurlaritzak konstruktorari 5.566.585,52 € ordainduko dizkio (BEZ barne). Halaber, enpresak obrak egiteko denera “17 hilabete” ditu.

Eusko Jaurlaritzak aurtengo martxoan azaldu izan duenez, etorkizuneko eraikinak denera 3.552 metro koadroko azalera izango du, lau solairutan osatuta.

Egungo eraikinaren jarraipen gisa planteatzen da, komunikaziorako gune bertikalen bidez lotua, eta Elkano kalearekin lerrokatuta.

Hartara, egungo aterpea kendu egingo da dagoen lekutik, eta etorkizuneko eraikinaren gimnasioaren azpian aterpe bat egingo da. Egungo eskolaren eraikin txikia ere (egun hutsik dagoena) eraitsi egingo da, berriari lekua egiteko.

Etorkizuneko eraikinak, besteak beste, Lehen Hezkuntzako sei gela eta gimnasioa izango ditu. Gimnasioa, aldagelak barne, lehen solairuan kokatuko da, eraikin nagusitik nabarmenduta geldituko den irtengune gisa.

Irtengune honek sarrerako atari eta jolastoki estalia sortuko ditu bere azpian. Jangela eta officea beheko solairuan kokatuko dira.

Jaurlaritzak aurten azaldutakoaren arabera ere , Lehen Hezkuntzako eraikin berriak ipar-ekialderako orientazio egokia izango du, eta espazio guztiei argiztapen neutroa emango zaie, egungo eraikinean dauden gelei jarraiki.

Zirkulazio-espazioak, bestetik, jolastokiko espazio libreetarantz eta hegoalderantz irekitzen dira. Kanpoko joko-gune horiek, hain zuzen ere, ipar-mendebaldeko orientaziotik babestuta geratuko dira eraikin berriarekin.

Kanpoko aldeetan, fatxada aireztatuak izango ditu etorkizuneko eraikinak. Eraginkortasun termiko handiko fatxada izango da, teilatutik zimenduetarainoko inguratzaile isolatzaile jarraitu baten bidez, horrela zubi termikoak saihestuz.

Halaber, kanpoko arotzeriari dagokionez, ezaugarri nagusia zubi termikoaren haustura izango da, isolatzaile akustikoarekin eta eguzki-kontrolarekin, isolamendu termiko eta akustiko egokia lortzeko.

Musakola Herri Eskola HLHIren etorkizuneko eraikineko instalazioen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Lehen Hezkuntzako 6 gela
  • Informatika/ingeleseko gela
  • Musika/plastika gela
  • Banaketarako 2 gela
  • Psikomotrizitate gela
  • Erabilera anitzeko gela
  • Liburutegia
  • Gimnasioa + aldagelak (255 m²)
  • Jangela + officea (207 m²)
  • Aterpeko gune estalia (247 m²)

Obrak dagoeneko martxan daude ikastetxearen kanpoaldean, eta horren harira, eskola ondoko hainbat aparkalekutan ezingo da aparkatu datorren astelehenetik, abenduaren 11tik aurrera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen