Murun 51 metroko antena jarri asmo da, egungoa “gainkargatuta” baitago

1
984

Egungo antenak kobertura ematen die telebistei (ETB, Tele5,…), mugikorrei, larrialdi-zerbitzuei,… Jaurlaritzak proposatu du antena berria jartzeko obrak egitea, Muruko harrizko bidea “indartuz”. Jaurlaritzak dio “ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa” egitea. Lizitazioa aurtengo “bigarren hiruhilekoan” egingo da.

Laugarren irudia: Itelazpi sozietatea.

Muruko gailurrean eta gurutzetik hurbil, telekomunikazio antena bat dago, hain zuzen, harrizko bidearen azken kurban.

Gaur egun Itelazpi enpresak kudeatzen du, hau da, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko batek. Antena hau telekomunikazio estazio baten barruan dago, eta estazioa hiru udalerriren mugan bertan dago:

Zati bat Arrasaten dago, zati handiena Aretxabaletan eta zatitxo bat Aramaion. Estazioko instalazioen jabea Eusko Jaurlaritza da, eta bertako lurren jabeei alokairua ordaintzen die.

Itelazpik azaldu duenez, antena hau “80. hamarkada egin zen, eta ez dago prestatuta” ondorengo “telebista digitalen hainbeste antena bere gain hartzeko (ETBren autonomikoak eta TVE, Tele5, A3Media, La Sexta, Cuatro,… estatalak)”.

Ondorioz, denboraren poderioz, eta zerbitzu berriak eskaintzeko, antena “13 metro luzatu” egin zuten. Gainera, gero telefonia mugikorren operadoreen antenak gehitu zitzaizkien. Areago, 2020an “5G ere jartzea” aurreikusten zen, “baita adibidez Ertzaintzaren TETRA ere”.

Jaurlaritzak 2021ean azaldu zuen antena hau “gainkargatuta” dagoela, bertan “antenak pilatu baitira” eta ondorioz antenak “egonkortasun arazoak” dituela “haize bortitzen aurrean”.

Itelazpi sozietatearen arabera, antenak “ez lituzke haize bortitzei eutsiko okerdura arazoak izan gabe”, eta antena ez dago egokituta “145 kilometro/ordu baino gehiagoko haizeetara”.

Egoera horretaz gain, antenaren ondoan bada beste antena bat, txikiagoa, “besteak beste, udal-zerbitzuak, FM zerbitzuak eta tokiko LTD batzuk hedatzeko zerbitzuak (Goiena, Teledonosti,…) eskaintzen dituena”.

Antena honek, 2020an bederen, “interferentzia maila altua” zuen, “inguruko zuhaitzak oso altuak” baitziren. Zuhaitz horiek egun jada moztuta, akabatuta daude.

Entitate horietako batzuek “Itelazpiri agertu diote” euren zerbitzuak “dorre berrira eramateko asmoa”, eta ondorioz antena txikiago hori “desmantelatuko” litzateke. Horri esker, “ingurumenarekiko inpaktua gutxituko” litzateke.

Antena altuenera itzulita, azpiegitura honek kobertura eskaintzen die “larrialdi-zerbitzuei, doako telebista unibertsalari (TDT), FM irratiari, zenbait telefonia-operadoreri eta beste komunikazio mugikor zerbitzu batzuei”.

Itelazpik planteatutako arazoari aurre egiteko, sozietate honek proiektatu du egungo antena altuena kentzea, 34 metrokoa, eta bere ordez antena altuago (51 metroko) eta indartsuago bat jartzea. Balizko antenak “200 km/h arteko haizeteei” eutsiko lieke.

Horretarako, antena dagoen telekomunikazio estazioa handitu beharko litzateke. Gaur egun 318 metro koadro zabal da, eta obrek 106 metro koadro zabalagoa egingo lukete. Denera 424 metro koadro zabal litzateke.

Obren beste helburuetako bat da telekomunikazio estazioak “zerbitzu berriak bere gain hartzea eta, kasua bada, ondoko instalazio batzuetako zerbitzuak bere gain hartzea, tokiko telebista Goiena Telebistaren seinalearen zabalkundea, esaterako”.

Estazioaren handitzea Aretxabaletako eremuan egingo litzateke, eta obrak egiteko beharrezkoa litzateke adibidez Muruko gailurrera igotzeko harrizko bidea “berrindartzea”. Izan ere, horrela antena “ordezkatzeko makinaria bertatik igaro” ahalko litzateke.

Egungo harrizko bidea, 2’6 kilometro luze, “oso irregularra” da, eta Itelazpik 2020an proposatu zuen, Murura igotzeko bidean “aztertzea ea beharrezkoa den ‘todouno’ material konpaktoa jartzea”, zehazki “material horretako errodadura geruza bat jartzea”.

Antena altuagoa jartzeko ere beharrezkoa litzateke estazioa “egokitzea, zimentuak jartzeko eskabazioa egitea (3,5 x 3,5 x 3 m), baita ainguralekuak eta hormigoia jartzea ere”.

Proiektuak ere aurreikusten zuen inguruan “zuhaixkak landatzea”, besteak beste. Obren iraupena “hilabete batekoa” litzateke. Aurrekontuari dagokionez, Itelazpik Aretxabaletako Udalari INABENSA enpresaren 91.833’01 euroko aurrekontua aurkeztu zion.

Obrak egiteko, Itelazpik obra lizentzia eskatu zion Aretxabaletako Udalari 2020an, proiektua azalduz. Udalak 2021ean Jaurlaritzari obren ingurumen inpaktuari buruzko txostena eskatu zion.

Jaurlaritzak, baina, 2021ean ondorioztatu zuenez “ez da aurreikusten” balizko obrek “ingurumenari kalte nabarmenik eragitea”.
Ondorioz, Jaurlaritzak erantzun zion “ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa” egitea. Hala jakinarazi zion 2021ean.

Urte berean Aretxabaletako Udalak Gipuzkoako Aldundiari eskatu egin zion balizko obrak “interes publikokotzat” onartzeko, eta eskaerari onespena eman zion Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailak 2021ean.

Muruko inguru hau lur “ez urbanizagarria” kategoria zuen 2020an behintzat, “baso-mendi urri kategoria” zehazki. Balizko obrek eragingo dituzten hondakinei dagokienez, Itelazpik 8 neurri beharrezkotzat aurkeztu zituen.

Obrak egingo lirateke Burdin Aroko herrixkaren inguruaren barruan. “Ondorioz, beharrezkoa izango da neurri prebentiboak hartzea”, Itelazpik hitzeman zuenez. Adibidez, balizko obrak “baino lehen azterketa arkeologiko bat egin beharko da, dagokion foru-organoari aurkeztuko zaiona”.

Obrak ez daude momentuz martxan, baina Itelazpi sozietateak aurreikusten du obren lizitazioa aurtengo “bigarren hiruhilekoan” egitea.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen