“Muru aurrizkidun izeneko mendi askok aztarnak dituzte Nafarroan”

0
630

Irulegiko eskuari buruzko hitzaldia eman du Mattin Aiestaranek, indusketetako zuzendariak, AZEk antolatutako hitzaldian.

Ekitaldia herenegun egin zen, eta aurkezpen lanak Anabel Ugalde Gorostizak eta Juantxo Agirre Mauleonek egin zituzten.

Aranzadiko kide Mattin Aiestaranek hitzaldi luze eta jakingarria eman zuen, eta hemen bertako zenbait ideia eskaintzen ditugu, agian Arrasaterekin erlazio handiena dutenak.

“Baskonien lurraldearen mugak non zeuden, gaur egun Gipuzkoa dagoen lurraldea, ez dago batere garbi. Inork ez luke eskua jokatuko esaten mugak zehazki non zeuden”.

Argi dagoena da Irulegi kokatu dagoela “Kantauriar eremuaren, Ebro bailararen, Pirinioen eta Akitaniako lautadaren artean. Baditu bere inguruetako ezaugarriak”.

Nola jakin, mendi puntu guztietatik, zein mendi puntetan dagoen bizigune bat? “Toponimiari begiratzen diogu, eta Nafarroan ‘iri-‘, ‘iru-‘, ‘muru-‘, ‘murru-‘,… aurrizkiak dituzten toponimoak askotan aztarna arkeologikoak dituzte”.

Arrasateko Murugain edo Murun ere horrela da. “Ipar Euskal Herrian ‘gaztelu-‘ aurrizkiak ere aztarna arkeologikoak izan ditzakete”.

Halaber, Irulegiko aurtengo indusketei dagokienez, aurkikuntza nagusiena edo nagusietako bat “harrizko eskailera batzuk dira”.

Hitzaldi honek amaiera eman dio aurtengo Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi-zikloari, Arrasate Zientzia Elkarteko lagunek antolatuta.

Irulegiko eskuari buruzko liburua (Aranzadi Elkartea) hemen klikatuz

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen