Lanbidek % 100ean diruz lagundutako ikastaroak dira, emakume langabeei zuzenduak, eta horien % 35ek 30.000 biztanletik beherako herrietatik etorri behar du.
Testua: Mondragon Unibertsitatea.
Lehen aldiz, emakume langabeen gaitasun digitalak hobetzeko eta esparru horretan dagoen genero-arrakala txikitzeko bi ikastaro eskainiko ditu Mondragon Unibertsitateak. Doakoak dira biak: Lanbidek diruz lagunduak erabat. Ikastaro horietan parte hartzeko, baldintza hauek daude: emakume langabetua izatea eta, gainera, % 35 30.000 biztanletik beherako herrietakoak izatea.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan emango dira ikastaroak, Arrasaten. Lehen ikastaroa «Informatikaren hastapenak eta enplegurako oinarrizko gaitasun digitalak» da, eta urriaren 11tik azaroaren 10era bitartean emango da, astearte eta ostegunetan, 09:30etik 13:30era.
Bigarrena «Informazio digitalaren bilaketa eta kudeaketa – Tarteko maila» da, eta ordutegi berean emango da, astearte eta ostegunetan, azaroaren 15etik abenduaren 20ra bitartean.
Lehen aldiz egingo diren ikastarook Mondragon Unibertsitateak jasotako dirulaguntzari esker gauzatuko dira. Hain zuzen, dirulaguntzen deialdi honetan lortu du dirulaguntza: «Dirulaguntzen deialdia, langabeen gaitasun digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena bultzatzeko eta genero-arrakala murrizteko, Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan».
Gaitasun digitaletan trebakuntza osoa eskuratzeko, bi ikastaroak egitea gomendatzen da; izan ere, “Informazio Digitalaren bilaketa eta Kudeaketa–tarteko maila” ikastaroak jarraipena ematen dio «Informatikaren hastapena eta enplegurako oinarrizko gaitasun digitalak” ikastaroari. Dena den, bi ikastaroak bereiz egiteko aukera ere badago.
Interesatuta daudenek Idurre Retolazaren bidez eman dezakete izena, iretolaza@mondragon.edu helbide elektronikoan edo 664265068 telefono-zenbakian.