MONDRAGONek nota onarekin gainditu du Covid-19aren krisia

0
224

MONDRAGON osatzen duten kooperatibek 82.000 pertsona baino gehiago enplegatzen zituzten 20-12-31n, Covid urtearen ondoren. Urte horretan, salmentak 10.865 milioi eurora iritsi ziren, eta guztira 335 milioi euro inbertitu ziren.

Testua: Mondragon Korporazioa.

MONDRAGONek positibotzat jo ditu 2020ko emaitzak, pandemiaren urtekoak hain zuzen. Korporazioan dauden kooperatibek, denen artean, 10.865 milioi euro lortu zituzten salmentetan; hau da, uzkurdura % 6,4 izan zen aurreko urtekoaren aldean. Enpleguari dagokionez, 2020. urtea ixtean, 82.156 lanpostu zeuden; aurreko ekitaldian baino % 1,3 gutxiago. Nabarmendu beharreko beste datu bat inbertsioen zifra da; izan ere, iaz 335 milioi eurokoa izan zen inbertsioa guztira. Bestalde, ebitdak % 5,7ko gorakada izan zuen, eta 1.324 milioi eurora iritsi zen. Kopuru horiek berresten dute kooperatiba gehienak gai izan direla Covid-19aren krisiari notarekin eta gainditzeko moduko inpaktuarekin aurre egiteko, inguruabarrak kontuan hartuta eta egoera txarrak gainditzeko gaitasuna dutela frogatuta.

Halaber, taldeak 2021eko lehen bost hilabeteetan izan duen portaera ikusita, aurreratu liteke ekitaldi honetan susperraldi nabarmena izango dutela.


MONDRAGONeko industria

Banaketa eta Finantza arloetako emaitzak aurkeztu ondoren, orain Industria arloaren balantzea jakin da. MONDRAGONeko industria kooperatibek, ekitaldia ixtean, 37.532 langile enplegatu zituzten, eta 5.271 milioiko fakturazio gehituarekin (-% 13,1) eta 227 milioiko emaitzekin (-% 20) bukatu dute 2020. urtea, kooperatibek errentagarritasuna defendatzeko eta balantzeak babesteko hartutako neurriei esker.

Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak industria arloaren % 70 dira. MONDRAGONek 138 filial produktibo ditu atzerrian, eta horietan 14.144 lagun baino gehiago enplegatzen ditu.

Industria arloak bilakaera positiboa izan du aurtengo lehen bost hilabeteetan. Salmenten gorakada handia izan da, eta Covid aurreko etapatik oso gertu daude emaitzak. Horrez

gain, enpleguaren susperraldia ere nabarmena izan da, batez ere Automobilgintzaren, Osagaiaren, Eraikuntzaren eta Ekipamendua dibisioen bilakaerak bultzatuta.

MONDRAGONek berrikuntzaren alde egin duen apustua ezagutzaren arloan egiaztatzen da. Korporazioak 2.384 pertsonari eman zien enplegua, lanaldi osoan, I+Gan. Atal horretan daude txertatuta, hain zuzen, 14 teknologia zentroak eta I+G unitateak.

MONDRAGONek 545 patente familia ditu indarrean, eta kopuru hori zinez handia EAEko zifrekin alderatuta. Kontuan hartu beharreko beste ekimen bat da martxan jarri dela Adimen Artifizialeko (AA) MONDRAGON komunitatea, AAri lotutako funtsezko esparru teknikoetan sektore askotan aplikatzeko moduko ezagutza sortu eta transferitzeko.

Gainera, kooperatibek 180 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programatan. Oraintxe, MONDRAGON Korporazioak 50 proiektu baino gehiago ditu martxan Europar Batzordeak onartuta eta finantzatuta. Horrez gain, Next Generation funtsei dagokienez, MONDRAGON hiru proiektu ildorekin aurkezten da Europako funtsetara –iraunkortasuna, digitalizazioa eta osasuna–, eta horrek 1.500 milioi euroko inbertsioa egitea 6.400 enplegu sortzea eskatzen du.

Banaketaren arloan, zeinetan Eroski eta Erkop taldea baitaude besteak beste, 5.594 milioiko salmentak izan zituzten (aurreko ekitaldian baino % 0,9 gehiago), eta ekitaldia ixtean 40.948 langile zeuden guztira (% 0,6ko igoera). Eroski Taldearen 2020ko bilakaeraren alderdi positiboetako bat emaitza operatiboa izan zen: % 30,2 hazi zen, eta 252,4 milioi eurora iritsi zen, 331 milioiko ebitdarekin (% 26ko hazkundea). Taldearen emaitza garbia -77,6 milioikoa izan zen, balorazio zuhurrago bat aplikatuz aktiboen balioa doitu eta gero.

Finantzen arloko erakundeei dagokienez, LABORAL Kutxak, pandemiaren ondorio negatiboak aurreratzeko 65,7 milioi euroko Covid-19 aparteko hornidura egin ondoren, 87,4 milioi euroko irabazi garbi kontsolidatuarekin itxi zuen 2020ko ekitaldia. Bestalde, LagunAro BGAEk 28.022 mutualista aktiborekin eta 6.864 milioi euroko ondare funtsarekin amaitu zuen urtea, inbertsioen kapituluan ekitaldia positiboa izanik, Covid-19a eta honek kapital merkatuetan izandako eragina gorabehera.

Ekitaldiaren bilakaerari dagokionez, MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko lehendakariak, Iñigo Ucínek, funtsezko bi alderdi azpimarratu ditu: batetik, “kooperatiben inplikazioa, pandemiaren aurkako borrokan gizarteari erantzun erabilgarri bat emateko” eta, bestetik, “gastuari eusteko neurriak hartu, barne efizientzia hobetu eta diruzaintza babestu izana; izan ere, azken batean, horiei esker egin ahal izan da ekitaldi ekonomiko on bat, kontuan hartuta zein zaila zen gainditu beharreko egoera”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen