MU 25 urteotan Unibertsitate “berritzailea, praktikoa, kalitatekoa, konprometitua eta pertsonen garapen integralean oinarritua izatera heldu da”.
Jose Maria Arizmendiarrietak, Arrasateko kooperatiba-mugimenduaren sortzaileak, 1943. urtetik aurrera eratutako hiru fakultatek bat eginda jaio zen. “Gaur egun, nazioarteko erreferentea da hezkuntza-berrikuntzan”.
“Prestakuntza, ikerkuntza eta transferentzia uztartzen ditu, jarduera horien bidez enpresa eta erakundeen lehiakortasuna hobetzeko eta, horrela, gizarte aurreratu eta lehiakorragoa lortzeko, baina justizia eta aberastasunaren banaketa bidezkoa ahaztu gabe”.
Horren data nabarmena ospatzearren, urteurreneko jaialdia egin zuen atzo, Mondragon Unibertsitateak Donostiako Kursaal Biltzar Jauregi eta Auditorioan.
Ekitaldian 25 urteotan unibertsitatearen ondoan egon diren erakunde eta enpresetako hainbat ordezkari izan dira, baita unibertsitatekoak bertakoak ere. Besteak beste:
Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Jose Antonio Ardanza, lehendakari ohia; Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun-sailburua; Iñigo Ucín, Mondragon korporazioko lehendakaria; Javier Oleaga, Mondragon Unibertsitateko lehendakaria; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea, eta Idoia Peñacoba, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusia.

Horiez gain, “beste ehunka lagun bildu dira ekitaldian. Guztiek ere unibertsitatearen iragana eta oraina izan dute gogoan, testigantza eta ahotsen bidez”. Gainera, zenbait bideo jarri dituzte ikusgai.
Haietako batean, unibertsitatea sortu zenetik orain arte errektore izan direnak agertu dira: Ignacio Lakuntza (1997-1999), Javier Retegui (1999-2001), Inaxio Oliveri (2001-2007), Iosu Zabala (2007-2015) eta Vicente Atxa (2015-gaur egun).
Gaur egun, Unibertsitateak 6.800 ikasle inguru ditu ikasketa ofizialetan (gradu, master eta doktorego-programetan) matrikulatuta, eta, haietatik, 2.200 berriak dira.
Ikasketa hauek eskaintzen ditu ingeniaritzaren, enpresa-kudeaketaren, ekintzailetzaren, hezkuntzaren, komunikazioaren, humanitatearen, kooperatibismoaren eta gastronomiaren ezagutza-arloetan: 18 gradu-titulu (11 dualak eta 5 nazioarteko aintzatespendunak), 19 unibertsitate-master (11 dualak eta 2 nazioarteko aintzatespendunak) eta 4 doktorego-programa.
Etengabeko prestakuntzari dagokionez, 8.800 profesional inguru trebatzen ditu urtean, haien ezagutzak eguneratzeko.
Unibertsitatea 1997an jarri zuten martxan Debagoienean zeuden 3 fakultateek. Gaur egun, berriz, 4 fakultate ditu, eta ondoko campusak: Arrasate, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Goierri, Bidasoa, Hernani, Donostia eta Bilbo.
Era berean, 300 bat enpresak osatutako sarea du Mondragon Unibertsitateak, bere ikerkuntza- eta transferentzia-proiektuak gauzatzeko.
Halaber, azpimarratzekoa da ikasleen enplegatze-tasa, % 95ekoa baita graduetan eta unibertsitate-masterretan, eta % 100ekoa doktorego-programetan.

Bestalde, garrantzi handikoa da prestakuntza duala ere, Mondragon Unibertsitateak ia 60 urte baitaramatza eredu horretan lan egiten —Alecop sortu zenetik, hain zuzen— eta, horrenbestez, “Euskadiko liderra da arlo horretan”.
Hain zuzen, unibertsitateak 22 titulu ematen ditu modalitate dualean, eta ikasleen % 68 inguruk aukeratzen du prestakuntza-mota hori. Hori dela eta, Europako lehen unibertsitate-sare dualaren buru da European Universities ekimenaren barruan (EU4DUAL proiektua). Lidergo horri esker, Euskadi nazioarteko erreferentziako herrialdea izango da prestakuntza dualaren esparruan.
Horrez gain, “nazioarteko eta Estatuko hainbat unibertsitate-sailkapenetan nabarmentzen da Mondragon Unibertsitatea, hala nola ezagutzaren transferentzia, ikerkuntza, irakaskuntza eta enplegagarritasuna aintzat hartzen dituzten ardatzetan”.
Adibidez, Europako Batzordearen U-Multirank sailkapenak —munduan unibertsitate-sailkapen nagusi eta zehatzena omen da— aintzat hartzen dituen bost arloetako hamar parametrotan bikaintzat hartzen dituen Espainiako bost unibertsitateetako bat da Mondragon Unibertsitatea.
Ildo horretan, nabarmentzekoa da Unibertsitatea estatu-mailako bigarren postuan dagoela ikasleen mugikortasunari dagokionez. Halaber, ezagutzaren transferentziaren esparruan, estatu-mailako seigarren postuan dago.
Bere nazioan (Euskal Herrian) eragin sozioekonomikorik “handiena duen unibertsitatea da, eta estatuko zazpigarrena, U-Multiranken arabera”. Honatx ibilbideko hainbat mugarri:
- 1943an Eskola Profesionala, gaur egungo Goi Eskola Politeknikoa.
- 1960an ETEO, gaur egungo Enpresagintza Fakultatea.
- 1966an Alecop. Prestakuntza dualaren hastapenak.
- 1973an Ikerlan. Lehen zentro teknologikoa.
- 1976an Irakasle eskola, gaur egungo Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea.
- 1984an Saiolan. Ekintzailetza-eta aktibitate berrien zentroa.
- 1997an Mondragon Unibertsitatea.
- 2011n Gastronomia Zientzien Fakultatea.
- 2023an Mondragon Unibertsitatearen 25. urteurrena.
Honetaz guztiaz gainm Unibertsitateak 10 ekintzailetza laborategi ditu EAEtik kanpo, MEIrekin batera, Mondragon México Unibertsitatea bultzaten du eta 8 campus ditu Gipuzokoan eta 2 Bizkaian. Zorionak MU!