Mondragon Unibertsitateak 2.400 ikasle berrirekin eta Hirekin zentroan hasi du ofizialki kurtsoa

0
1364

Ikasturtearen ekitaldi ofiziala egin du gaur, denera 7.000 ikasle dituelarik. Lau erronka nagusitan dihardu: “ikaskuntza-esperientzian bikaintasuna handitzea”, “etengabeko prestakuntzaren eskaintza birtuala sendotzea”, “ikerketa eta transferentzia bultzatzea” eta “posizionamendua indartzea”. Ekitaldian, besteak beste, EAEko lehendakaria Imanol Pradales eta Arrasateko alkatea Maider Morras izan dira.

Lehen argazkia: Arrasateko Udala / Beste argazki denak: MU.

Mondragon Unibertsitateak gaur egin du 2024-2025 ikasturtearen hasierako ekitaldi ofiziala, Arrasateko berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko Hirekin zentro inauguratu berrian.

Unibertsitateak epealdi estrategiko berriari ekin dio, datozen hiru urteetarako jardunbide nagusiak zehaztuko dituen 2025-2028 aldirako Plan Estrategikoa onartuta.

Epemuga horretarako, 4 erronka estrategiko finkatu ditu Unibertsitateak, eta dagoeneko lanean ari da horietan:

  • Ikasleen ikaskuntza-esperientziaren bikaintasuna handitzea
  • Profesionalentzako etengabeko prestakuntzaren eskaintza birtual eta hibridoa sendotzea
  • Ikerketa eta transferentzia bultzatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko
  • Tokiko eta nazioarteko posizionamendua indartzea

Ekitaldian zenbait ordezkarik hitza izan dute: Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak (aurreko ikasturteko memoria akademikoa aurkeztuz), Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea, Pedro Arrazola Goi Eskola Politeknikoko doktore eta ikertzailea (irekitze-hitzaldia egin du) eta Imanol Pradales Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria.

Hauekin batera, politikaren eta Unibertsitatearen arloetako beste ordezkari batzuk ere izan dira, tartean:

Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua; Xabier Egibar, Mondragon Unibertsitateko lehendakaria; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Maider Morras, Arrasateko alkatea; Amparo Merino, Gizarte Ekonomiarako estatu idazkaria; Carlos García, Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria; eta Pello Rodríguez, Mondragoneko lehendakaria.

Mondragon Unibertsitateak 8 titulu berri eskaintzen ditu ikasturte honetan:

  • Hiru master
  • Aditu-ikastaro bat
  • Lau espezializazio-ikastaro

Titulu hauek ezagutza-arlo hauetan eskaintzen dira: ingeniaritza, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, humanitateak eta gastronomia.

Guztira 7.000 ikasle baino gehiago matrikulatu dira ikasketa ofizialetan (graduak, masterrak eta doktoregoak). Hauetatik guztietatik, 2.400 ikasle berriak dira, orain lau urte baino %18 gehiago.

Bertako errektoreak [goiko argazkian], bertaratutako agintariei ikasturtearen hasierako ekitaldira etorri izana eskertu ondoren, ekitaldiaren garrantzia aipatuz hasi du.

Izan ere, Unibertsitateak ekitaldi honetan berresten du, “urtero, goi-mailako hezkuntzarekiko eta, bereziki, pertsonen prestakuntza integralaren bidez eragin nahi duen gizarte-eraldaketarekiko konpromisoa”.

Unibertsitatearen arduradun gorenak bi bloke bereizi ditu bere hitzaldian: iragana eta geroa. Batetik, Unibertsitateak aurten erdietsi dituen lorpenak aipatu ditu, eta, bestetik, etorkizunerako erronka eta lehentasunak identifikatu.

Azken horien artean, azpimarratzekoa da 2025-2028 aldirako Plan Estrategiko berria, Unibertsitateak datozen urteetan erdietsi nahi dituen asmo handiko kopuruak jasotzen dituena.

“Ikasleen ikaskuntza-esperientziaren bikaintasuna da Unibertsitateak identifikatutako erronketako bat”. Haren bidez, ikasleak pertsonalki eta profesionalki trebatu nahi ditu, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Ildo horretan, helburu hau iragarri du errektoreak: “% 20 handitzea Mondragon Unibertsitatean trebatuko diren ikasleen kopurua eta 2028an 8.200era iristea”.

Baita ere “gure ikasleen % 50ek prestakuntza duala izatea eta % 70ek nazioarteko esperientzia hartzea nahi dugu”.

Etengabeko prestakuntza da Unibertsitateak “etorkizunerako identifikatutako beste erronka handietako bat”. Izan ere, profesionalen trebakuntza eta prestakuntzazko eguneratzea “lehentasunak dira ekonomia eta gizarte guztietan, eta irtenbide malgu eta pertsonalizatuak eskatzen dituzte”.

Hori dela eta, Mondragon Unibertsitateak “indartu egingo du etengabeko prestakuntzaren eskaintza, prestakuntza hibrido eta birtualaren bidez, ikasleek gaitasun berriak garatzeko aukera izan dezaten”.

Eskaintza horri esker, “bere ikasgeletan urtero prestakuntza eguneratzen duten profesionalen kopurua bikoizteko” asmoa du Unibertsitateak.

Era berean, “enpresei bikaintasunaren bidez ezagutza transferitzea da ondorengo urteetarako beste jardunbide nagusietako bat”.

Helburua: “Enpresen lehiakortasuna hobetzea, ezagutza eta teknologia transferitzearen bidez. Zentzu horretan, transferentzia-jarduera % 40 handitzen saiatuko da Unibertsitatea”.

Era berean, Unibertsitatearen “tokiko eta nazioarteko posizionamendua indartu beharra dagoela” azpimarratu du errektoreak. Tokiko posizionamenduari dagokionez, Unibertsitateak “hiru lurraldeetan” eskainiko du prestakuntza.

Ildo horretan, prestakuntza-eskaintza bat sortuko du “aurki Araban, Basque Culinary Centerrek bultzaturiko Edariak eta Ardoa (EDA) – Drinks & Wine campusaren bidez”.

Halaber, errektoreak iragarri duenez, “datozen urteetan Bilbo eta Bizkaia izango dira hazteko ahalmenik handiena duten esparru geografikoak”.

“Unibertsitateak indarra egingo du lurralde horretan bere presentzia eta eragina sendotzeko, eta proiektu berriak sortuko ditu” Bizkaian.

Gaur egun, Unibertsitateak 1.300 ikasle baino gehiago ditu Bizkaiko campusetan, eta Bilboko Udalarekin elkarlanean garatutako Bilbao AS Fabrik proiektua goraipatu du errektoreak.

Nazioarteko posizionamenduari dagokionez, “Europa, Latinoamerika eta Mexiko dira Unibertsitatearen eremu estrategikoak, eta horietara bideratuko ditu bere ahaleginak eta presentzia, ikasle atzerritarrak erakartzeko”.

Europan, EU4Dual aliantza dualean lan egiten jarraituko du Mondragon Unibertsitateak, eta “nazioarteko lehen unibertsitate duala jarriko du martxan, Europako beste 8 unibertsitaterekin elkarlanean, euskal unibertsitatea gidaria dela”.

Horrez gain, Unibertsitateak “indartu egingo du bere presentzia Mondragon México Unibertsitatean eta Latinoamerikan. Hauxe du epe laburrerako helburu: masterreko ikasleen %33 baino gehiago nazioartekoak izatea eta programa dualetan parte hartzeko aukera ematea”.

Errektoreak errepasoa egin die MUk sorreratik erdietsi dituen lorpenei. Baloratu duenez, “gizarte bidezkoagoa eta orekatuagoa sortzen lagundu dute, Mondragon Unibertsitatearen eta kooperatiben helburu nagusietako bat betez: gizarte-eraldaketa”.

“Utopikoa irudi lezake, baina gure Unibertsitateak bete egin du gizarte-eraldaketaren helburua: presentzia dugun eskualdeek Estatuko langabezia-tasarik txikiena dute, aberastasunaren banaketa orekatuagoa da haietan eta, kasu askotan, inbertsio handiagoak egiten dituzte ikerkuntzan”.

Errektoreak azpimarratu du “kooperatibismoak, oro har, eta unibertsitate kooperatiboak, zehazki, onura sozial eta ekonomiko asko ekar ditzaketela”, eta hemendik aurrera “espero dugu horrela izaten jarraitzea”.

Unibertsitatearen eredu duala ere izan du aipagai errektoreak, “Mondragon Unibertsitatea Estatuko liderra eta aitzindaria baita”:

“50 urtetik gorako esperientzia metatu du eredu horretan. Lan eta esperientzia horiei esker, nazioko eta nazioarteko erreferentzia bihurtu da ikaskuntza dualaren ereduan”.

Horrenbestez, Europako Lehen Unibertsitate Dualaren aliantzaren lidergoabereizgarria onartu dio Europako Batzordeak; izan ere, Mondragon Unibertsitateko titulazioen %60 duala da.

Aurreko ikasturtean lortutako beste mugarri garrantzitsu batzuk dira, alde batetik, Basque Culinary Centerreko ikasketa-zikloa erabat osatzea, lehen doktorego-tesiak aurkeztu baitira, eta, bestetik, udaren aurretik inauguratutako Hirekin proiektua, ekintzailetza eta berrikuntza industrial jasangarria bultzatzea xede duena.

Azkenik, beste hiru proiektu aipatu ditu errektoreak, dagoeneko abian daudenak eta epe laburrera lehen emaitzak emango dituztenak:

  • IDEIENEA, euskal ikus-entzunezkoen sektoreari buruzko prestakuntza, berrikuntza eta ekintzailetza barne hartzen dituen ekosistema, Aretxabaletako Campusean kokatua
  • GOe Donostian eta EDA Drinks & Wine Campus Araban, gastronomiaren, ardoaren eta edarien inguruko berrikuntza eta goi-mailako prestakuntza eskainiko dituztenak
  • Bartzelonako eta Madrilgo ekintzailetza-laborategiak, Estatuko gainerako eskualdeetako LEINN laborategi-sarea zabalduko dutenak.

Goian aipatu bezala, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak 2023-2024 ikasturteko txosten akademikoa aurkeztu du. Ondorengoak nabarmendu ditu:

  • Mondragon Unibertsitateak graduko 18 titulu (11 dualak) (horietako bat oso berritzailea: Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoa)
  • 20 master ofizial (horietatik 11 eredu dualean)
  • 4 doktorego-programa eman zituela

2023-2024 ikasturteko matrikulazioei buruzko azterketaren arabera, 6.989 ikaslek eman zuten izena, eta graduondoko ikasleen kopurua gehituz gero, 7.653 ikasle egon dira guztira Mondragon Unibertsitatean matrikulatuta, aurreko ikasturtean baino %6 gehiago.

Ikasleen mugikortasunari dagokionez, 1.970 ikasle egon dira Euskal Herritik eta espainar estatutik kanpo ikasten. Halaber, 634 ikasle etorri dira Mondragon Unibertsitateak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen fakultateetara.

Nazioartekotzea sustatzeko estrategiaren barruan, MEI-Mondragon Internacional proiektua sendotu egin dela erakusten dute datuek:

Mondragon México Unibertsitateak 10. urteurrena bete du eta Latinoamerikako hainbat ikasle etorri dira master-ikasketak egitera.

Ikerkuntzaren eta transferentziaren eremuan ere, Unibertsitateak lan garrantzitsua egin du 2023‑2024 ikasturtean, arlo horretako 656 proiektu garatu ditu-eta.

Nolanahi ere, 1.326 ikaslek egin dute gradu-amaierako proiektua, eta beste 3.750 praktiketan egon dira enpresetan eta beste zentro batzuetan.

Profesionalen prestakuntzari dagokionez, aurreko ikasturtean 8.268 langilek egin zuten Unibertsitateko ikastaro, master edo tituluren bat.

Aurten, Mondragon Unibertsitateak 2.400 ikasle berri hartuko ditu titulazio ofizialetan; hortaz, guztira 7.000 ikasle matrikulatu dira ikasturte honetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen