Mondragon Unibertsitateak 17 gradu eta 15 unibertsitate-master eskainiko ditu 2020-2021 ikasturtean

0
203

17 graduetatik 10 prestakuntza dualekoak izango dira, eta 15 unibertsitate-masterretatik 7 ere modalitate dualean eskainiko dira.Humanitate Digital Globalak gradua eta Kooperatibismoa eta Kudeaketa Sozioenpresariala masterra izango dira berritasun akademikoak irailetik aurrera.

Testua: Mondragon Unibetsitatea.

Mondragon Unibertsitateak irailean ekingo dio ikasturte berriari. Guztira 17 gradu eta 15 unibertsitate-master eskainiko ditu, horietatik 10 gradu eta 7 unibertsitate-master formatu dualean. Bestalde, 17 graduetatik 9 ingeniaritzaren arlokoak dira, 3 enpresaren arlokoak eta 1 gastronomiakoa. Eta 17 unibertsitate-masterretatik, 7 ingeniaritzarekin daude lotuta, 5 enpresarekin, 4 hezkuntzarekin eta 1 gastronomiarekin.

Humanitate Digital Globalak gradua eta Kooperatibismoa eta Kudeaketa Sozioenpresariala masterra izango dira unibertsitatearen berritasun akademikoak 2020-2021 ikasturterako.

Berritasun horiei erantsi behar zaizkie lehendik ere martxan zeuden graduko titulazio batzuen kokapen berriak; adibidez, LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) gradua Berlinen ere emango da irailetik aurrera, eta sorkuntza- eta kultura-industrien ekintzailetzara bideratuko da; horrez gain, Mekatronikako Ingeniaritza gradua, Arrasaten ez ezik, Bilbon ere eskainiko da hurrengo ikasturtean.

Eskaintza hori osatzeko, 17 master propio eta graduondoko beste ikastaro batzuk (hala nola aditu-ikastaroak eta espezializazio-diplomak) eskainiko ditu unibertsitateak, baita doktorego-programak ere 4 ikerkuntza-lerro hauen inguruan: Berrikuntza eta Esku-hartzea Hezkuntzan, Ingeniaritza Aplikatua, Erakundeen Kudeaketa Aurreratua eta Ekonomia Soziala, eta Zientzia Gastronomikoak.

Berritasunak

Humanitate Digital Globalak gradua (Bilbo. Presentziala. Hirueleduna)

COVID-19aren eraginez, arlo digitalak hazkunde ikaragarria izango du gure bizitzan. Hori dela eta, Humanitate Digital Globalak (HDG) gradua jarriko du martxa unibertsitateak, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Titulazio horrek bi arlo uztartuko ditu: Humanitateak eta Gizarte Zientziak, batetik, eta Teknologia, bestetik. Bilbon emango da eta bi ibilbide izango ditu: Ikasketa Globalak eta Humanitate Digitalak. Graduaren bidez, etengabe aldatzen ari den mundu honetarako trebatuko dira gazteak: jakintza konpartimentatuetatik urrats bat emango dute diziplina anitzeko ikuspegietara, horiek egokiagotzat hartzen baitira etorkizun hurbileko erronka konplexuei aurre egiteko. Gradu presentziala izango da, 240 ECTSkoa, hirueleduna, eta 40 ikaslerentzako lekua izango du.

Kooperatibismoa eta Kudeaketa Sozioenpresariala unibertsitate-masterra (Online. Gaztelaniaz)

Kooperatibismoa eta Kudeaketa Sozioenpresariala masterrak kooperatiben eta gizarte-ekonomiako erakundeen kudeaketa integralerako gaitasunak garatuko ditu, munduko punta-puntako ekosistema kooperatiboetako batean: Arrasateko Esperientzia Kooperatiboan. Masterrak 60 ETCS kreditu izango ditu eta % 100 online emango da. Arrasaten egonaldi bat egiteko aukera ere emango du, ordea. Urte batean edo bitan egin daiteke, ikasleen prestasunaren arabera. Metodologia kasuetan eta erronketan oinarrituko da, eta gaitasunen erabilera praktikoa, ikaskuntza esperimentala, ekitatea eta demokrazia sustatuko ditu.

Horrez gain, LEINN gradua Berlinen ere emango du Mondragon Unibertsitateak, sorkuntza- eta kultura-industrietan ardaztuta, eta Mekatronika gradua Bilbon.

Eskola presentzialak irailean

Presentzialtasuna eta ikasleekiko gertutasuna lehenetsiko ditu Mondragon Unibertsitateak datorren irailetik aurrera. Dena den, metodologia eta teknologia digitalekin osatuko ditu. Helburu horrekin, azpiegiturak eta campusa hobetu eta egokitu egin ditu unibertsitateak, 2020-2021 ikasturtea modu presentzialean egiteko. Hala, osasun-agintaritzak ezarritako segurtasun-neurri eta -protokolo guztiak ezarri ditu.

Horrez gain, azpiegitura digitaletako inbertsioak eta irakasleen prestakuntza sendotu ditu unibertsitateak, kalitateko irakaskuntza bermatzeko eta pertsona bakoitzari zein etorkizunean etor litezkeen osasun-agertokiei egokitutako prestakuntza malgua eskaintzeko.

MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN GRADUAK (17 gradu)

INGENIARITZA (9 gradu)

Ingeniaritza mekanikoa (DUALA)

Industria Diseinuko eta Produktuaren Garapeneko Ingeniaritza (DUALA)

Industria Antolakuntzako Ingeniaritza (DUALA)

Industria Elektronikako Ingeniaritza (DUALA)

Informatika Ingeniaritza (DUALA)

Energiaren Ingeniaritza (DUALA)

Prozesu Industrialetako Ekoteknologien Ingeniaritza (DUALA)

Ingeniaritza Biomedikoa (DUALA)

Ingeniaritza Mekatronikoa (DUALA)

ENPRESAGINTZA (3 gradu)

Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza – myGADE (DUALA)

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza – LEINN

Business Data Analytics

HUMANITATEAK (4 gradu)

Humanitate Digital Globalak (berria). Bilbo

Ikus-entzunezko Komunikazioa

Haur Hezkuntza

Lehen Hezkuntza

GASTRONOMIA (1 gradu)

Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak

UNIBERTSITATE-MASTERRAK (15 unibertsitate-master)

GOI ESKOLA POLITEKNIKOA (7 unibertsitate-master)

Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoa (DUALA)

 Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritza

 Industria Ingeniaritza (DUALA)

 Energia eta Potentzia Elektronika (DUALA)

 Teknologia Biomedikoak (DUALA)

Robotika eta Kontrol Sistemak (DUALA)

Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Hodei Konputazioa (DUALA)

ENPRESAGINTZA FAKULTATEA (5 unibertsitate-master)

Kooperatibismoa eta Kudeaketa Sozioenpresariala (berria)

 Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritza

 Marketin Digitala

 Erakundeen Nazioartekotzea

 Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoa – Mtalent

HUMANITATE ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEA (4 unibertsitate-master)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle Aritzeko Gaikuntza (DUALA)

Ikaskuntza Erraztea eta Berrikuntza (Lit)

GASTRONOMIA ZIENTZIEN FAKULTATEA (1 unibertsitate-master)

 Gastronomia Zientziak

Informazio gehiago: www.mondragon.edu/eu

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen