Mondragon City Challenge Nazioarteko Ekintzailetza Kooperatiboko Txapelketaren laugarren edizioa aurkeztu da gaur goizean Arrasateko Kulturaten. Ekimen honen helburua da mundu osoko batxilergoko, heziketa-zikloetako eta unibertsitateko ikasleek taldeka beren proiektu kooperatibo propioa garatzea.
Antolatzaileen arabera, aurreko hiru edizioek arrakasta handia izan dute, 374 talde, 1.100 parte-hartzaile eta garatutako 60 proiektu kooperatibo bildu baitituzte. Txapelketa honen bidez, balio kooperatiboak eta ekintzailetza gazteen artean sustatu nahi dira.
Aurkezpen ekitaldian hainbat erakunde eta enpresatako ordezkariek hartu dute hitza, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, Arrasateko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Mondragon Korporazioko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariek. Era berean, babesa eman duten enpresa mentoreek eta erakunde kolaboratzaileek ere parte hartu dute prentsaurrekoan. Amaiera ekitaldia Maider Morras Arrasateko alkateak eman du.
Txapelketa datozen zazpi hilabeteetan garatuko da eta hainbat fase izango ditu: irailaren 17tik urriaren 25era bitartean izen-ematea eta ideien aurkezpena egingo da (0. fasea), eta ondoren hautaketa, garapena eta ebaluazio faseak etorriko dira. Prozesu osoaren amaierako ekitaldia eta irabazleen aukeraketa 2027ko apirilaren 23an egingo dira Arrasateko Amaia Udal Antzokian.
Ekimenari buruzko informazio gehiago eskuratzeko eta izena emateko www.mondragoncitychallenge.com webgunea bisita daiteke.






