Mondra B-ek irabazi du, eta igoera fasera sailkatzeko aukerei eutsi die

0
1141

Luken Ugartebururen taldeak 3 eta 0 garaitu du Mutriku, eta azken jardunaldian Elgoibarren aurka ariko da. Talde zuri-morea, lehia irabaziko badu, eta beste emaitza batzuk alde izanez gero, igoera fasera sailkatuko da.

Partidu erabakigarria izan dugu gaur eguerdian Mojategin, Lehen Erregional mailako Mondra B eta Mutrikuren artean.

Izan ere, talde zuri-moreak igoera fasera sailkatzeko aukerak ditu, eta horretarako azkenbigarren jardunaldiko partidu hau irabazi behar zuen.

Euria eta hotza izan dira, baina lehia bizia izan da, eta Mondrak markagailuan aurrea hartzea lortu du 40. minutuan, Gorka Arizagaren golari esker.

Bigarren zatian ere Luken Ugartebururen eta Oier Zabaletaren taldea nagusi izan da, eta Andoni Etxeberriak 78. minutuan gola egin du.

Gainera, 85. minutuan Unai Gutierrez ‘Guti’k baloia buruarekin sareratu du, eta norgehiagoka ia erabakita utzi du. Azken emaitza 3 eta 0ekoa izan da.

Luken Ugarteburu entrenatzaileak partiduaren ostean baloratu egin du bere taldeak partidu “serioa, ona eta konpletoa” egin duela.

Halaber, azpimarratu du “taldearen atea hutsean mantentzea garrantzitsua” dela. Datorren jardunaldian ekipoak Elgoibarren aurka jokatuko du, partida erabakiorra: “Aurkari gogorra izango da – aurreikusi du entrenatzaileak – baina partidu garrantzitsua da eta irabazi beharra dugu”.

Arrasateko taldeak, garaipena lortzeaz gain, beste markagailu batzuk aldekoak izan beharko ditu igoera fasera sailkatzeko. Aupa Mondra!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen