Mirari Plazaola: ”Hauspo Egunean, Arrasaten nire lehen kontzertua ematea ohorea da niretzat”

0
669

Asteburu honetan Arrasaten Hauspo Eguna ospatuko da Arrasate Trikitixa Eskolak antolatuta eta Ibai-Arteren laguntzarekin. Jaialdian parte hartuko duten musikarien artean Mirari Plazaola dago. Arrasatearrak Trikitilari Gazteen Txapelketa irabazi zuen irailaren 2an Zarautzen, eta 2019ko abenduan Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketako pandero-jole onenaren txapela jantzi zuen.

Zer esan nahi du zuretzat zure herrian kontzertu bat emateak?

Nire lehenengo kontzertua izango da, eta urduritasun puntu bat eragiten dit nire bizilagunen aurrean aritzeak. Ohorea da niretzat lehen aldia Arrasaten izatea. Trikitixa Eskolarekin jo dut lehen Arrasaten baina hau beste maila bat da.

Irailaren 2an Trikitilari Gazteen Txapelketa irabazi zenuen Irati Arzeiluzekin batera. Nolakoa izan zen esperientzia?

Ez da lehen aldia parte hartzen dugula txapelketa batean, hiru urte daramatzagu biok. Esperientzia oso polita izan zen. Harrituta, aurten irabaztea espero ez genuelako. Beraz, oso pozik. 2019an Zaldibarren Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketan Iratik irabazi zuen trikitixa-jolearen onenaren saria eta nik pandero-jolearen onena.

Nola hasi zinen trikitixaren munduan, zerk erakarri zintuen?

Txikitatik izan dut trikitixa jotzen ikasteko ilusio hori. Nire etxean beti egon da trikitixarekiko zaletasun handia. Nire lehengusina bat orain arte trikitixaren munduan aritu da. Bai, uste dut zaletasun hori familiatik datorkidala.

Eta zergatik aukeratu zenuen panderoa?

Lau urterekin trikitixarekin hasi nintzen, baina orduan panderoa ikusi nuen eta jotzen ikasteko gogoa piztu zitzaidan. Panderoa jotzen 7 edo 8 urterekin hasi nintzen.

Covid-ak trikitixarengan ere eragina izan du?

Oro har, egia da Covidak eragin handia izan duela musikaren munduan, kontzertu asko bertan behera geratu direlako. Gure kasuan, pandemiaren ondorioz, txapelketa asko bertan behera utzi dira. Zarauzkoa bakarrik ospatu ahal izan da. Entseguei dagokienez, pandemiak ez digu arazo handirik eragin.

Mirarik, Maddirekin eta Izarorekin batera kontzertua eskainiko du bihar ostirala, arratsaldeko 18:30ean, Hiruki plazan, San Andresen.

Hauspo Egunaren egitaraua:

  • Larunbatean, arratsaldeko 17:00etan Biteritik Herriko Plazara arte kalejira egin du Trikitixa Eskolak, eta behin Herriko Plazan, hainbat pieza eskaini dituzte irakasle eta ikasleek.
  • Herriko plazan, haurrentzat tailerrak izango dira Txatxilipurdiren eskutik.
  • Matrikulazio epea zabalik dagoenez, plazan bertan postu bat jarriko dugu hurbiltzen denak aukera izan dezan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen