Mikelek 32 urte ditu eta ogibidez artzaina dugu. Izan ere, bere ganadua gobernatzeaz gain, beste hainbat artaldetan ere artilea mozten du eta saneamendu kontrolak egiten ditu.
Argazkia: Mikel Belasko.
Santamasetako Ganadu Ferian artile mozketa erakustaldia egingo du Mikelek, bi txandatan hain zuzen: lehenengoa, goizeko 11:00etan eta bigarrena, 13:00etan.
Noiz hasi zinen artzaintzan?
Nire familia berez lehen baserritik bizi zen, nire amaren aldeko familia, baina baserria bota zutenean kalera, herrigunera bizitzera joan ginen. Kalekume beraz.
Baina betidanik familiarekin ganaduaren, mendiaren,… bueltan ibili gara, eta asko gustatzen zitzaidanez, Gomiztegira ikastera joan nintzen hainbat urtetan.
Zenbat urte dituzu egun?
32 urte, eta nire ganaduarekin duela 7-8 urte hasi nintzen. Gainera, beste pertsona batzuendako ere lan egiten dut euren ardiei artilea moztuz, baserriz baserri.
Izan ere, nire ogibidea dira ardiei artilea moztea, nire artaldea, eta ardien inguruko kanpainetan parte hartzea, Aldundiaren saneamendu kanpainetan. Urtean lan-sasoi ezberdinak daude:
Nire artaldearekin hilabete batzuk egiten ditut, gero atseden sasoi bat daukate, mendian egoten, eta ondoren erditzeen sasoiaren inguruan, ardiak jetzi behar dira eta esnea saldu.
Urteko beste sasoi batean ardiei ilea mozteko garaia da. Nire ardiei ebakitzeaz gain, baserriz baserri, etxez etxe edota granjaz granja ere ibiltzen naiz lan horretan.
Badago saneamendu kontrola egiteko beste garai bat, Aldundiaren kanpaina, eta horretan ere lan egiten dut. Horrenbestez, ardiak nire ogibide dira.
Zer eskainiko duzu Santamasetako erakustaldian?
Nire artaldeko abelburu batzuk jaitsiko ditugu, baita urteko bildotsen lotetxo bat eta beste lotetxo bat ere. Laubide plazan arituko gara, eta ardi batzuei artilea moztuko diegu jendaurrean.
Horrela jendeak ikusi ahalko du mozketa bat nola egiten den, jendeak ez du aukera askorik izaten bertatik bertara artile mozketa erakustaldi bat ikusteko. Gainera jendeak galderarik badu galderei erantzungo diegu.
Zerbait gehitu gura baduzu, aurrera Mikel, zurea da hitza.
Santamasetako Eguneko Feriatik buelta bat eman behar dela, izan ere, abeltzain gazteen eta betikoen lana sustatu behar da.
Gainera, Santamas Komisiñuak lan polita egiten du. Orokorrean, abeltzaintzan indarra jarri behar da, bera baztertu barik.