Merkataritzari bultzada berria Arrasaten

0
1620

Programa horrek Udalak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten dituen erosketei edo inbertsioei lagunduko die, eta gehienez ere % 50era arte finantzatuko du, 500 eurora arte enpresa edo elkarte bakoitzeko.

Covid-19aren etorrerak eragin sakona izan du herriaren ehun ekonomikoan eta berau osatzen duten negozio askotan. Hori dela eta, Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Ibai-Arterekin lankidetzan, #TxikiakEgitenGaituHaundi programa jarri du abian, txikizkako merkataritza eta ostalaritzako sektoreetako autonomoen eta LEPen jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta COVID-19ren eragina minimizatzeko. Maria Ubarretxena alkateak eta Imanol Lasa Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak eman dituzte xehetasunak, prentsaurreko batean. Ibai-Arte merkatarien elkarteko ordezkariak ere bertan izan dira.

Diruz lagunduko dira COVID 19 pandemiak jendeari arreta emateko establezimenduan ezarri beharreko higiene- eta babes-neurri berezi berriekin lotutako gastuak, produktu, ekipo eta instalazio mota hauei dagozkienak:

  • Norbera babesteko ekipamendua.
  • Espazioak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak.
  • Salgaiak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak.
  • Bezeroarentzako eta bertako langileentzako babes-instalazio eta -ekipamendu bereziak.
  • Ezarri beharreko higiene- eta babes-neurri bereziekin lotutako beste batzuk.

Eskabideak telematikoki izapidetu daitezke www.arrasate.eus helbidean edo LTZn. Eskaerak egiteko epea irailaren 18tik urriaren 18ra bitartekoa izango da. 

Diru laguntzen lerro honen helburua da tokiko saltokiek egin dituzten eta egingo dituzten erosketak eta inbertsioak finantzatzea, COVID 19 pandemiak behar dituen higiene- eta babes-neurri bereziak ezartzeko. Laguntzak bezeroei zerbitzua aurrez aurre ematen dieten eta alarma-egoeran itxita egon diren edo irekita egon diren baina fakturazioa gutxienez %40 jaitsi duten establezimenduei zuzenduta daude, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen