“Maritxu Kajoi, Errementari Dantza,… jazz generoan eskainiko ditugu Herriko plazan”

0
982

Jokin Vitoria musikari arrasatearrak Sustrajazz proiektua martxan dauka. Domeka honetan, Arrasate Blues Plus-en baitan, abesti ugari plazaratuko ditu, Aitor Moreno, Iñigo Zubizarreta eta Nerea Arrieta taldekideekin batera.

Goiko argazkia: Josetxo Perez / beheko argazkia: Javi Perez.

Arrasate Bluesek asteburu honetan jarraituko du, Arrasate Blues Plus-ekin, Ibai-Artek, Udalak eta Jaurlaritzak antolatuta.

Igandean arratsaldeko 20:00etan Jokin Vitoria musikari eta irakasle arrasatearrak Sustrajazz proiektua eskainiko du Herriko plazan.

Jokin 7 urterekin hasi zen musika munduan, eta handik urte batzuetara Five Twisters eta Los Galerna taldeetan bateriari eragin zion.

Donostiako Ze Esatek! taldearekin 2019ko azken biran bateria jo zuen, eurekin 21 kontzertu eginez.
Musika modernoaz gain, musika klasikoan ere aritu da, Arrasate Musikaleko Orkestran, Arrasateko zarzuelan, Arrasate Musikaleko Big Bandean, Irungo Txistulari Udal Bandan perkusioari eragiten, baita Donostiakoan ere,…

Urteak daramatza bateria eta perkusio irakasle bezala lan egiten, Donostian bizi da eta musika ikasten jarraitzen du.

Jokinek azaldu digun bezala, bere ikasketetan “sustraietara joan naiz, ez dagoelako euskal kantak baino ezer propioagorik. Euskal folklorea jazzera, eta batez ere jazz modernora eraman dut, fusio bat eginez”.

Kontzertuan, besteak beste, “Maritxu Kajoi eskainiko dugu, eta oso natural sortu zait, ni arrasatearra izanda, nahiz eta erraza ez den izan”.

Baita Errementari Dantzako abestia ere: “Niretzat eta arrasatearrentzat oso garrantzitsua izan da. Nire osaba Jose Ramon Vitoriak konposatu zuen, eta horrek errespetu handia eragin dit”.

Izan ere, “Errementari Dantza izugarrizko obra bat da, eta hainbat melodia ditu. Gainera, ni Errementari Dantzako partaide izan naiz, eta oker ez banago lehen aldia izan zen musika ikasketekin hasi eta handik bi urtera”.

Ondorioz, Errementari jazzera eramatea “erronka handi bat izan da eta gainera ez nuen zerbait kaskarra egitea. Horretarako erreminta egokiak aukeratu ditut emaitza egokia izateko”.

Sustraijazz berez 5 musikarik osatzen dute. Herriko plazako kontzertuan Jokinek Aitor Moreno baxu-jolearekin, Iñigo Zubizarreta gitarra-jolearekin eta Nerea Arrieta piano-jolearekin jardungo du. Beraz, hiru arrasatear eta bilbotar bat arituko dira.

Jokinek eskertzen du “musikari hauen lana eta eurak gabe Sustraijazz ezingo litzateke aurrera eraman. Gertuko pertsonak dira”:

“Aitor Morenorekin Los Galernan aritu nintzen eta lagun handia dut. Iñi, Aitor eta hirurok 5 urte daramatzagu jazza jotzen, entseatzen, eta horrek baditu bere fruituak. Beste bi taldekideak nire adiskide izan ziren Iruñeako Kontserbatorioan”.

“Oso garrantzitsua da gertuko pertsonekin eta harreman onak dituzun pertsonekin osatzea egitasmoa. Asko eskertzen dut euren lana”.

Gogoratu igande honetan Sustrajazz kontzertua emango duela arratsaldeko 20:00etan Herriko plazan. Egurre Sustrajazz!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen