Marian Porcel: “‘Nevermore’ oso dibertigarria da irakurtzeko, eta klima aldaketari buruzko hausnarketa egiteko.”

0
434

Marian Poncel idazle arrasatearrak ‘Nevermore’ bere bigarren eleberria aurkeztu du aste honetan. Arrasatearrak argitaratzen duen bigarren eleberria da, eta euskarazko lehenengoa. Aurretik, harrera oso ona izan zuen ‘Todo sale bien’ argitaratu zuen gaztelaniaz.


Nondik datorkizu nobela hau idazteko inspirazioa?


Beti idatzi izan dut, nahiz eta liburu bakarra argitaratu. Eleberri honen kasuan, detonatzailea Eusko Jaurlaritzak liburuak idazteko ematen dituen diru-laguntzetako bat izan zen. Bertara aurkeztu nintzen eta diru-laguntza eman zidaten. Horrek esan nahi du epe bat duzula lana aurkezteko.

Lanean hasi nintzen, liburua idatzi nuen, eta gero bakoitza mugitu behar da argitaratzeko. Nire kasuan Elkar argitaletxera bidali nuen, baiezkoa eman zidaten, eta dagoeneko salgai dago liburu-dendetan.


Zein da eleberriaren gai nagusia?

Egia esan, aurten pandemiarekin bakarrik gai horri buruz hitz egin dugu, baina iaz klima-aldaketa izan zen gairik zabalduena. Kezkatzen zaidan gaia da, eta interesez jarraitu dut.

Konturatu nintzen gazteak izan direla ardura gehien erakutsi dutenak. Batez ere 2019an zehar, mobilizazioak indar handia hartu zuen ikasleen aldetik. Gai honi buruzko informazioa jaso dut eta 2019ko kronika bat egin dut. Lehen munduko ikasleen greba agertzen da, Euskal Herrira G7 etorri zenean. Protagonistak mundu horretan mugitzen dira.

Nor dira protagonistak?

Bi gazteen historia da, nola sartzen diren aktibismo ekologistan, eta haien arteko adiskidetasun harremana. Bata 16 urteko neska bat da, eta klimaren aldeko manifestazioetan ikusitako nesketan oinarritu naiz. Mutilek ere parte hartu dute mobilizazio horietan, baina neska gehiago ikusi dira. Egia esan, borrokalarienak neskak izan dira. Protagonistak argi dauka mundua hondatzen ari garela eta zerbait egin behar dugula.

Beste protagonista, kontrapuntua jartzen duen pertsonai bat da. Asmoa izan da euren arteko adiskidetasun istorioa pixkanaka hedatzea. 17 urteko mutila da eta guztiz kontrakoa da. Ez du harremanik beste gazte batzuekin, apur bat anti-soziala da, bere arazo pentsonalengatik pertsona bakartia da, poesiak idazten ditu, azken finean, bere munduan bizi da.

Bi protagonistek istorioaren une batean elkar ezagutzen dute. Hasieran talka egiten dute, baina pixkanaka adiskidetasun bat sortzen da. Istorioa Bilbon kokatuta dago. Istorioa 2019an zehar gertatzen da, eta lau kapitulutan banatuta dago: negua, udaberria, uda eta udazkena.

Zergatik erabaki duzu oraingo honetan eleberria euskaraz idaztea?


Nik beti euskaraz egin dut lan, eta beti idatzi dut euskaraz. Lehen eleberria gaztelaniaz argitaratzea kasualitate hutsa izan zen. Niretzat naturalagoa da euskaraz idaztea, baina ez diot garrantzi handiagorik ematen. Batzuetan gorputza eskatzen dizu hizkuntza batean idazteak eta beste batzuetan beste hizkuntza batean.

Ez dakit oso goiz den galdetzeko ea proiektu berririk duzun buruan?

Idazten jarraitzen dut, baina oraingoz ez naiz liburu berri batekin hasi. Orain gustatuko litzaidake ikustea zer harrera duen eleberri honek, eta nola jasotzen duten gazteek. Harrera ona izanez gero, horrelako beste eleberri bat idaztea posible izango zen.

Gazteak ‘Nevermore’ irakurtzera animatu nahi nituzke, eleberri laburra da. Estilo desberdinekin idazten ere saiatu naiz. Kazetaritzako berriak hartu ditut, elkarrizketa ugari, dinamikoa egiten saiatu naiz. Oso dibertigarria da irakurtzeko, baita klima-aldaketari buruzko hausnarketa egiteko ere.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen