“MARAK EZ DU URTEBETETZEA INOIZ LAGUNEKIN OSPATZERIK IZAN, ESPERO DUT ZAPATUKOA URTEBETZE-JAIRIK HANDIENA IZATEA!”

0
3253

Bihar, urtarrilaren 3an gaixotasun larria duen arrasatear honek 4 urte beteko ditu, eta etzi, zapatuan Mararen Aldeko Eguna ospatuko da Arrasaten. Honen harira, Susana amarekin izan gara eta hona hemen elkarrizketa:

Kartela eta argazkia: Familia.

-Zein da Mararen egungo egoera?

–Mara egun egonkor dago, hilabete inguru darama ia krisi epileptiko barik eta horrek hobekuntza txiki bat eragiten dio, batez ere arretari dagokionez.

-Zein da familiaren egoera egun?

–Lucia iristeak on egin digu familia osoari. Poztasun bat nabari da etxean eta nik uste Marak ere nabari duela giroaren aldaketa hori. Noski oraindik gure behekada uneak ditugula baina dagoeneko ez dira hain jarraian. Eta jarrera aldaketak laguntzen gaitu baikorragoak izaten eta esperantzari eusteko jarraitzen.

-Zein puntutan dago CLN1aren inguruko ikerketa zientifikoa?

–Oso gogor ari dira lanean entzimak ordezkatzeko terapian eta entseguen fase aurreklinikoan dago, baina entsegu klinikoak egin arte pauso bat eman behar da, eta ez dakigu pauso honek zenbat iraun dezake.

Duela gutxi beste tratamendu baten inguruan hitz egin digute, Batten gaixotasunaren beste forma batzuk dituzten haurrekin probatzen ari direna, eta euren bizitza-kalitatea asko hobetzen ari da, baina bere neurologoak noiz jarriko dionaren zain gaude, eta gizarte-segurantzak noiz finantzatuko zain, hilabeteko 6.000 euroko kostua duelako eta guretzat ez da bideragarria.

-Zapatu honetan, urtarrilak 4, Mararen Aldeko Eguna ospatuko da, zein dei egin gura diezue herrikideei?

–Mundu guztia etor dadila Mararen Aldeko Egunera, euren kamiseta moreekin eta lagun gaitzatela zarata asko egiten, bere zentzu onean. Baina batez ere, goza dezatela antolatu dugun egunaz, izan ere, denbora laburrean antolatu da baina guztiok oso gogotsu aritu gara.

-Gainera urtarrilaren 10ean erakusketa solidarioa irekiko da Kulturaten ezta?

-Bai, ekimen bikaina da Mara ekonomikoki laguntzeaz gain bisibilitatea ere emango duelako.

-Zerbait gehitu nahi duzue edo erantzundakotik zerbait azpimarratu?

-Soilik mundu guztiak egun hain berezi hau ospatzen lagun gaitzala. Ez dakitenek, bihar, urtarrilaren 3an Mararen urtebetetzea izango da. 4 urte betetzen ditu. Marak ezin izan du bere urtebetetzea lagunekin ospatu, beste haurrek ez bezala, beraz espero dut zapatukoa inoiz antolatu den urtebetetze jairik handiena izatea!!!!!
Badakizu…… EZ DA INOIZ BAKARRIK IBILIKO

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen