Alderdi honek adierazi duenez, Aurrekontuek Mankomunitatearen “zerbitzuak kolokan” jartzen dituzte, eta EH Bilduk gobernaturiko Mankomunitateak postu bat “nahieran” kontratatuko du.
Argazkia eta beheko testua: Debagoieneko EAJ-PNV.
Debagoienako EAJ-PNVk ez ditu EH Bilduren aurrekontuak babestu, EH Bilduk buruzagitza postu bat “nahieran” kontratatzea eta “Mankomunitatearen etorkizuna hipotekatzea” aurreikusten duelako. “Giza baliabideak arrazionalizatzeko plan bat egiten ari dira, lanpostu berri bat sortzeko eta EH Bilduko pertsona bati emateko. Egoera hori salatzen dugu, ez delako administrazio honek behar duen organigrama eta Lanpostuen Zerrenda berria”, jeltzaleek adierazi dutenez. Gainera, gaineratu dutenez, legegintzaldia amaitzeko lau hilabete falta diren honetan, “ez da onargarria horrelako plan bat onartzea”. “Erabaki honek Mankomunitatearen funtzionamendua aldatzen du eta bere etorkizuna hipotekatzen du”, gogoratu dute.
Ez da lehen aldia Debagoienako EAJ-PNVk eskualdeko administrazioa bizitzen ari den egoera salatzen duena. Azaroan ohartarazi zuen EH Bilduren erabakiaz. Eskualdeko alkate eta zinegotzi jeltzaleek orduan adierazi zutenez, EH Bilduk bere erabateko konfiantzako langile bat izendatu nahi zuen Mankomunitateko kudeatzaile kargua betetzeko hautaketa-prozesurik egin gabe. Hautaketa “nahierara” egitearen larritasuna adierazi zuten jeltzaleek, eta ohartarazi zuten lanpostuari dagokiona baino soldata handiagoa ere planteatzen zela. Gainera, Mankomunitateko langileei babesa eman zieten, bizi duten “egonezin eta nahasmen giroagatik”.
Jeltzaleek zuzenketa ezberdinak aurkeztu dizkiete aurrekontuei
Jeltzaleek zuzenketa batzuk aurkeztu dizkiete Mankomunitatearen aurrekontuei, eta EH Bildurekin akordiorik lortu ez izana deitoratu dute, horien helburua “eskualdeko bizi-kalitatea hobetzea” delako.
Horrela, buruzagitza-postuan pertsona bat nahieran kontratatzea eragingo lukeen arrazionalizazio-programa aurrera ez ateratzeko eskatzeaz gain, hainbat hobekuntza proposatzen dituzte zenbait arlotan, hala nola kirolean, Gizarte Zerbitzuetan eta Turismoan, Mankomunitateak dagoeneko onartutako energia-planeko ekintzak sustatzeko 20.000 euroko partida bideratzeaz gain. Zentzu honetan, Kirol sailaren bitartez, eskualdeko kluben elkartegintzari buruzko prestakuntzarako 17.000 euro eta kirol-sariak antolatzeko beste 18.000 euro bideratzea proposatu dute.
Gizarte Zerbitzuei dagokienez, Gizarte Zerbitzuen mapa ezartzearen garrantzia nabarmendu dute: “Gizarte Zerbitzuen mapa lau urtez geldirik egon da. Ez da ezer egin. Gaiari seriotasunez aurre egiteko garaia da, eta 30.000 euroko partida bat bideratzea proposatzen dugu; hain beharrezkoa den mapa hori errealitate bihurtzeko eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako aterpe-zerbitzua behin betikoz kokatzeko”. Era berean, udako turismo bulegoa ibiltaria izatea proposatu dute, egunero Debagoiena eskualdea osatzen duten udalerrietako batean egon ahal izateko.
Debagoienako EAJ-PNVk aurrekontuak babesteko akordiorik lortu ez izana deitoratu du eta ondokoa gaineratu du: “Ez gaude prest arrazionalizazio plan batek Mankomunitatearen etorkizuna eta udalerriei ematen dizkien zerbitzuak kolokan jartzeko”.
sosoak beleari ipurbeltz
Hori nork salatzen du, Jaurlaritzan “Ekonomia Sozialeko zuzendari” kargua a dedo hartu zuen gure herriko alkateak? benetan? postu horretako bere 70.000 euroko soldata Udaletxera ekarri zuena, oposizio eta izerdi bidez lorturiko postua/soldata izango balitz bezala?
A zelako aurpegia, Lezetxikiren asunto honekin (arazoen aurrean ohi duen bezala) ezkutatzen den, baina bozkak irabazteko agertzen zaigun alkatea.
Arazoa beti dira beste ideologia bateko langileak. Garapen Agentziako teknikari burua ez zen Gipuzkoako Foru Aldundiko politikari izan bere garaian EAJtik?Formula bera aplikatuta noren konfiantzakoa da?
Arrasateko Udal Gobernuak badu esperientzia sorgin ehizan beste ideologia bat dutenekin: teknikariak, herritarrak, herri eragileetako kideak… Galdetu diezaiotela bestela azken aldian ixilik dagoen eta argazkietan ateratzen ez den hirigintza zinegotziari. Oso aplikatua sorgin ehizan.