Maixa Lizarribar: “Panderoari merezi duen lekua eman nahi diogu”

0
1683

Datorren igandean, ekainak 20, arratsaldeko 18:00etan Amaia Udal Antzokian Pandero Jaialdia ospatuko da, Arrasateko Trikitixa Eskolak antolatuta. Mondraberrik, jaialdiari buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko, Maixa Lizarribar Trikitixa Eskolako irakasle eta Amak taldeko kidearekin hitz egin du. Amak taldeak ere parte hartuko du jaialdian.

Argazkia: MB artxiboa.

Nola sortu zen Panderoko jaialdia egiteko ideia?

Arrasate Trikitixa Eskolan hasteko eskolan betidanik eman diogu garrantzi handia panderoari. Panderoak badu bere lekua, tokia egiten baldin bazaio, eta guk hala egin dugu. Jende asko daukagu panderoa ikasten. Instrumentu oso interesgarria da, eta hori sustatu nahi dugu.

Horregatik urtero ikasleekin Pandero Jaialdia egiten dugu. Hiru urte daramatzagu jaialdia egiten, baina aurten ondorengo ideia suertatu zen: zergatik ez dugu esperientziadun jendearekin egiten? Lehendik ere bagenuen horixe egiteko gogoa, aspalditik, baina nik uste orain momentua iritsi zaigula.

Nola aukeratu dituzue taldeak? Zertan oinarritu zarete?

Oso argi genuen talde zehatz batzuk nahi genituela, beno talde guztiak oro har. Adibidez Neomak taldearen kasuan, eskolako ikasleak izan dira, eta Arrasatekoak taldeko hiru. Aukera polita ikusten genuen eurak ere Arrasatera ekartzeko. Hori garbi ikusten genuen, eta gainera pandero desberdinekin joko-piloa egiten dituzte bere emanaldietan.

Bestalde, Izer beti ezagutu dugu txikitixa jotzen, hori izan da beti plazetan izan dugun irudia, baina pandero-jole oso berezia da. Normalean ez dio panderoari eragiten, baina jaialdi honetara panderoarekin etortzeko eskatu genion. Gonbidatu hauengana jo dugu pandero-joleen bila, baina beraien esku utzi dugu zeinekin arituko diren. Eneko Dorronsororekin etortzea aukeratu du, Los Zopilotes taldeko kidearekin. Lehen ere batera arituak dira.

Gauza bera egin dugu Elizagoien Ahizpak taldearekin. Biek ala biek soinua eta panderoa jotzen dituzte. Beraiek aukeratu dute formatua, eta gaita-jole eta gitarra-jole banarekin etorriko dira.

Khamirekin gauza bera. Atea jo genion Iraide Ansorenari, hainbat proiektu dituela jakinik, eta proposatu genion berak aukeratutako bandarekin aritzea.

Eta zer esan Amak taldeari buruz? Nola da arrasatear batentzat bere herriaren aurrean jotzea, eta bere trikitixa eskolako proiektu batean egotea?

Idea bota zuten, eta nik gonbita hartu nuen hemen aritzeko. Niretzat ekitaldi hau oso berezia da. Eskola bezala erronka handia izan da jaialdia antolatzea, lan handia egon da atzetik, lan eskerga. Ingurukoen laguntza ezinbestekoa izan da, baita noski Arrasateko Udalarena ere. Holako proiektu batekin atea jotzea eta eragozpen guztiak gainditzea mundiala da.

Covid-ak eragindako egoerak eragin du jaialdiaren antolaketan?

Guk antolatzaile bezala trabak izan ditugu beste edozeinek bezala, baina parte-hartzaileek oztopoak izan dituzte. Hau guztia antolatzen hasi ginenean, ezin zuten elkarrekin entseatu eta egoera honek orain gutxira arte jarraitu du. Traba hori garrantzitsua izan da parte-hartzaileentzat. Azkenean antolaketarentzako moldatu gara, baina haize freskoa izan da azken hilabeteko aldaketa.

Zer nolako eragina izan du bestalde Trixitixa Eskolan? Zelako izan da ikasturtea?

Egia esanda, oso zorionekoak izan gara. Klase guztiak zuzenean emateko aukera izan dugu. Itxialdiaren ostean, ekainean itzuli egin ginen aukera eman zigutenean, eta ikasle helduei hasteko aukera eman genien. Aurten hasieratik zuzeneko eskolak izan ditugu. Batzuei bideodeiaren bidez eman dizkiegu klaseak, konfinatzea tokatu zaielako, baina eskola zabalik egon da.

Aurten ere ikasturte hasiera berezia izango da, lokal eta material berriak estreinatuko dituzuelako, ezta?

Gogotsu gaude. Trikitixa eskola 30 urte hauetan leku askotatik pasatu gara. Momentu honetan gauden lekua laugarrena da. Batzutan balditza eskaseko lokalak izan dira. Ferixalekuan izan ginen, egun Kulturate dagoen lekuan, eta Olarte eskolaren behealdean, Saiolan eraikinean, eta orain Udaltzaingoaren gaineko lokalean. Egokitutako lokalaren arabera, bolada batzutan hotz handia izan dugu. Ikasleak ere hala aritu dira zenbaitetan. Orain lokal berria dugula esatea, eta dena estreinatuko dugula esatea, ia sinestezinak dira.

Gainera, ETBk Oholtzan saioan kontzertua eskainiko du, ziurrenik uztailaren 17an. Sarrerak erosi ahal dira www.arrasate.eus webgunean, 10 euroren truke. Oraindik gutxi batzuk geratzen dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen