Maiatzean eta ekainean bisita historiko eta mendi ibilbide ugari aukeran Arrasate ezagutzeko

0
385

Ekainaren 19ra bitartean 14 mendi ibilaldi eta bisita historiko eskainiko dira Arrasateko historia, industria, eraikinak zein ingurune naturala ezagutzeko.

Uda sasoiaren atarian, Arrasateko Udalak maiatza eta ekainean bisita historiko zein mendi ibilbidez osatutako turismo eskaintza eman du ezagutara, herritarrei zein kanpotik herrira hurbiltzen direnei Arrasate sakontasunean ezagutzeko aukera eskainiz. 

Horri jarraikiz, ‘Arrasate, gertuko turismoa’ lelopean, hain zuzen 7 mendi ibilaldi, 3 ibilbide misto eta 4 bisita historiko prestatu ditu udalak ekainaren 19a bitarte. Horietako bi, asteburu honetan egingo direnak, maiatzaren 14an eta 15ean, ‘Geoturismoa Debagoienean’ urtero egiten diren bisita bereziak dira. Bailarako ondare geologikoaz baliatuz, herri guztietan antolatu dira irteerak. 

Helburua da herriko ondare historiko zein naturala balioan jartzea eta ezagutzera ematea, baina, aldi berean, herriko garapen ekonomikoari bultzada ematea. “Turismo eskaintza honen bitartez, herritarrei zein bisitariei hainbat plan eskaini gura diegu Arrasate ezagutu dezaten, hainbat eta hainbat aukera herrian bertan egiteko, alegia. Horren bitartez, gure asmoa edo nahia da tokian tokiko kontsumoa bultzatzea, hau da, herritarrek zein bisitariek Arrasaten kontsumitzea, besteak beste, herriko merkataritza, ostalaritzan eta ostatuetan. Eta horretarako guztirako, turismo eskaintza erakargarria osatu dugu”, azaldu du Udalak.

Honakoak dira bisitak:

  • Maitzak 14: Galarrako Koba (Geologia Debagoienean). 
  • Maiatzak 15: Kobandi eta Lezetxiki. Ingurune karstikoa (Geologia Debagoienean). 
  • Maiatzak 21: Vasco-Navarro bide verdea Etxezarretatik. 
  • Maiatzak 22: Monterron-San Kristobal-Meatzerreka. 
  • Maiatzak 29: Murugain mendiari bira. 
  • Ekainak 4: Arrasateko pertsonaia esanguratsuak. 
  • Ekainak 5: Arrasateko bira, ekialdea. 
  • Ekainak 11: Arrasateko armarriak. 
  • Ekainak 12: Udalatxera igoera Kanpantzarretik. 
  • Ekainak 18: San Balerio, Benakeruen Kofradia. 
  • Ekainak 19: PR Gi 106 Arrasate – Arantzazu, Erromes bidea. 

Izen emateak, halaber, zabalik daude dagoeneko, eta interesdunek izena eman ahal izango dute BAZen, 943 25 20 00 telefonora deitu, turismo@arrasate.eus helbidearen bitartez, edota www.arrasate.eus/ezagutu webgunearen bitartez. Antolatutako ekintzetan izena emateko azken eguna irteera aurreko egubakoitzean izango da, goizeko 12:00ak arte.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen