Lorea Ibarrak ‘Akelarre’ eta ‘Ane’ film luzeetan parte hartu du

0
1739

Arrasatear gazteak bizipozez beteriko gazte baten papera bete du ‘Akelarre’n. Grabazioko “une zailenetako tentsioak azkenean merezi du”. Estreinaldia urriaren 2an izango da.

Argazkiak: Lorea Ibarra Gallardo eta ® David Herranz.

Zelan sortu zen ‘Akelarre’ filman parte hartzeko aukera?

Nire amaren lagun batek argazki bat bidali zidan, eta argazki horrek iragartzen zuen neska gazteentzat casting bat egitekoa zela, film luze baterako. Hasieran ez nion garrantzirik eman, ezer lortuko ez nuelakoan. Baina azkenean castinga egitera animatu nintzen, eta orain asko pozten nau erabaki hura hartzeak.

Aurrez beste film batean parte hartua zenuen?

Aurrez ez nuen zinearen munduan parte hartu, egia esan, ezta antzerkian ere, areago, ez zitzaidan okurritzen ere zinearen munduan tokia izan nezakeenik.

Zer-nolakoa izan da ‘Akelarre’ren grabazioa?

‘Akelarre’ grabatzeak zailtasunak izan ditu, baina baita erraztasunak ere. Zailena sekuentzien arteko ordutegien aldeak izan dira, baita esperientziarik ez izatea ere. Baina talde osoaren profesionaltasunak eta aktoreen babesak (gizonezko nahiz emakumezkoenak) asko lagundu naute zailtasun horiek eramangarriagoak izaten. Egia esan filmazioa oso azkar pasatu zitzaidan, eta une zailenetako tentsioak azkenean merezi du.

Zer-nolako papera izan duzu?

Interpretatu dudan papera bizipozez beteriko neska gazte batena da, eta buruan duen gauza bakarra bere lagunekin ondo pasatzea da.

Filmazioa amaitu duzue, noiz ikusi ahalko dugu filmaren estreinaldia?

Filmazioa 2019ko ekainean amaitu zen. Filma amaituta dago, eta zinemetan datorren urriaren 2an estreinatuko da.

Baduzu agendan beste filmazioren bat?

Azaroan David P. Sañudo-ren ‘Ane’ filma grabatzen amaitu nuen. Orain Batxilergoa amaitzeko buru-belarri nago, baina nahiko nuke, bai, zinearen munduarekin elkartuta jarraitzea.

Zer esango zenioke publikoari ‘Akelarre’ ikustera anima dadin?

‘Akelarre’ drama historiko bat da, egungo emakume-ikuspegia duena, eta sorginkeriaz akusaturiko neska gazte batzuen historia kontatzen duena. ‘Akelarre’k azaltzen dituen benetako gertaerak XVII. mendearen hasieran izan ziren, filma grabatu den toki batzuetan jazotakoak. Leku horiek ikusgarriak dira. Filma euskaraz eta gazteleraz grabatu da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen