Lirika Gazteak indarra hartu du JAMEn, Ozenkik antolatuta

0
1033

Estibaliz Arroyo, Aitor Garitano eta Julen Garcia abeslariek Pucciniren zenbait lan eskaini dituzte, Arkaitz Mendoza eta Ekaitz Gonzalez pianoan. Gazteek publikoaren txalo beroak eta ‘Bravo!’ak lortu dituzte, eta Ozenkik iragarri du Gabonetan beste gala bat ospatuko dela.

Gala lirikoa lehen aldiz Juan Arzamendi Musika Etxean ospatu da, eta ekitaldia atzo arratsaldean ospatu zen.

Ozenki elkarteko lagunek baieztatu dute kontzertuak helburu izan zuela “Euskal Herriko lirika gazteari indarra ematea”.

Horrela, Estibaliz Arroyo soprano gasteiztarra, Julen García tenore bilbotarra eta Aitor Garitano baritono bergararra aritu ziren.

“Hirurek lehenago Arrasaten abestu izan dute – baieztatu du Ozenkik – eta Musikeneko ikasleak dira, aski ezagunak gainera”.

Ildo honetan, “talentu berriei ahotsa ematea garrantzitsua dela pentsatu izan dugu betidanik”.

Publikoak ia goraino bete egin zuen JAMEko auditoriuma, eta abeslari gazteen ahotsekin gozatu egin zuen.

Pianoan lagun izan zituzten Ekaitz Gonzalez eta Arkaitz Mendoza, aria eta generoko abesti ezagun ugari eskainiz.

Tartean, Giacomo Pucciniren hainbat lan jendarteratu zituzten, musikagile italiarraren heriotzaren mendeurrenean, hain zuzen.

Horregatik, kontzertuan “Giacomo Puccini” agertu zen “adimen artifizialaren” bitartez kontzertura ekarria.

Pertsonifikatutako lagun honek oholtzatik benetako Pucciniren zenbait obraren nondik norakoak azaldu zituen.

Aurrera begira, Ozenki elkarteak denboraldi honetan “bigarren kontzertu bat ere antolatuko du, eta nolabait Gabonetako gala izango da”.

Elkarteak iragarri du abenduaren 18an (asteazkena) ospatuko dela, eta xehetasun gehiago aurrerago emango dituela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen