Liburutegiko harrera berrireki da: liburua utzi buzoian eta liburua eskatu telefonoz, internetekin,…

0
480

Oraingoz ezin da liburutegi osoa ireki. Konfinamenduan zehar arrasatearrek Kulturateko ia 3.000 liburu, DVD,… izan dituzte etxean. Liburuak buzoian utzi behar dira, eta liburuak eskatzeko erabili telefonoa, internet, whats appa,…

Bi hilabete itxita eman behar izan dituzte Arrasateko Udal Liburutegiak eta Kulturatek. Denbora horretan arrasatearrek bibliotekako ia 3.000 liburu, DVD,… izan dituzte etxean.

Gaur liburutegiak harrera ireki ahal izan du, baina ez biblioteka osoa. “Momentuz maileguak eta itzulketak egiteko ireki dugu” baieztatu du Mertxe Perez de Ciriza zuzendariak.

Hain zuzen, erabiltzaileek “itzulketak sarrera ondoko buzoian egin behar dituzte, hau da, liburua, DVDa edo dena delakoa itzultzeko ez dira eraikinera sartu behar”.

Koronabirusari aurre eginez, itzulitako objektu horiek “berrogeiladi bat pasatu behar dute, eta horretarako kartoizko kutxetan sartzen ditugu, biltegian. Bertan 14 egun igaro ondoren, bertatik ateratzen ditugu. Protokolo hori osatuta, itzulketak garbitzat ematen dira, hau da, birusik izango balu, birusa desaktibatzen da bi aste horietan”.

Egungo alarma egoeran “liburutegi osoa momentuz ez dago zabalik, eraikineko beheko solairuko harrera soilik dago, herritarrei maileguak egiteko”.

Horretarako, herritarrak liburu, DVD,… bat maileguan hartzeko, lehenbizi “Internet bidez, telefonoz, emailez, whats app bidez eskatu behar dio bibliotekari, eta ondoren hona etorri beharko du jasotzera”.

Mailegua eskatzeko ez sartu eraikinera, erabili ondorengo bideetako bat:

Liburutegia udako ordutegia aplikatzen hasi da, eta ondorioz eguerdian itxita dago. Ordutegia ondokoa da, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Gaur berrireki ditu ateak eta lehen goiz honetan “herritarrek batez ere telefonoa erabili dute gurekin harremanetan jartzeko. Hainbatek Internet bidez gestioa egina zuten, eta baditugu hainbat mailegu emateko prest harreran”.

“Oraingoz jende ugarik ez daki liburutegia berrireki dela, eta aurreikusten dugu jendea apurka-apurka horren berri izatea”.

Noiz ireki ahal izango ditu ateak liburutegi osoak? “Hori ez dago gure esku, agindua Madrildik dator eta 3. fasean Eusko Jaurlaritzak izango du eskumena”.

“Guk espero dugu lehenbailehen izatea baina osasun-larrialdi batean gaudenez, horren arabera lan egin behar dugu. Gu desiratzen gaude liburutegiak berriro bere ohiko martxa jartzeko”. Alde horretatik “kalean erabiltzaileek askotan galdetu digute ea noiz irekiko dugun”.

Denbora tarte honetan, ia 3.000 mailegu aktiboez gain, “arrasatear askok e-liburutegia erabili dute, Eusko Jaurlaritzak Interneten duen zerbitzua baliatuta. Konfinamenduan itzulketak ezin zirenez egin, Jaurlaritzak itzultzeko epeak luzatu dizkie herritarrei”.

Bibliotekako zuzendariak herritarrak animatzen ditu “liburutegia berriz erabiltzera, oraingoz behintzat modu mugatuan izan arren. Saiatuko gara ahalik eta zerbitzu onena ematen”.

“Ulertzen dugu ez dela erraza nobedadeen nondik norakoak ezagutu gabe nobedade bat aukeratzea. Horregatik gure webgunean katalogoa ikusgai dago, erabiltzaileek nobedadeen berri izateko, erabiltzaileek errazago aukera dezaten”.

“Adibidez webguneko bilatzailean ‘2020’ zenbakia jartzeak lagun dezake, eta webgunearekin jakin dezakezu nobedade hori hartuta dagoen edo ez. Zalantza hori eta gehiago argitu daitezke liburutegiko langileei telefonoz, emailez edota whats app bidez galdetuta”.

“Sasoi aproposean gaude liburuak irakurtzeko, bideoak ikus-entzuteko, musika entzuteko,… Gu saiatuko gara zerbitzua ahalik eta azkarren ematen”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen