Aldundiak antolatuta, bisita gidatua egin da Lezetxiki aztarnategian herritarrentzat. Indusketetako zuzendari Alvaro Arrizabalagak adierazi du “gure aldetik, EHUren aldetik, beti gaudela prest horrelako ekimenak aurrera eramateko”. Balizko interpretazio-zentro baten inguruan galdetu diogu.
Bisita hauetako gidariak Marijo Iriarte eta Alvaro Arrizabalaga izan dira, Lezetxiki ondo baino hobeto ezagutzen dutenak.
Eurekin batera, hainbat herritarrek gaur bertatik bertara ikusi ahal izan dute AHTko obrek ez zutela Lezetxikiko aztarnategia kaltetu.
Leibar kobari dagokionez, Alvaro Arrizabalaga indusketen zuzendariak adierazi digu “gaur Aldundiko teknikariak azaldutakoaren arabera, eurak AHTko obren garaian Leibarrera sartu ziren, identifikatu eta arakatu zuten, eta balio arkeologikoarik ez zuten ikusi”.

Aztarnategira itzulita, Alvaro Arrizabalagak berretsi du “gu beti gaudela prest Lezetxikira bertaratzeko eta jendaurrean behar beste informazio emateko”.
Ildo honetan “gaurkoa ez da egiten dugun lehenbiziko bisita gidatua, eta ez da izango azkena ere”.

Alvaro Arrizabalagak Osoko Bilkuran azpimarratu zuen AHTko obrek ez zutela Lezetxiki pasabidetzat hartu behar.
“Gaur egun gune honek lege aldetik babes nahiko zorrotza eta estua du, eta beraz ezinezkoa litzateke pasabidetzat erabiltzea. Hori nahiko balute, baimena eskatu beharko lukete”.
“Guk nahi genuke babes hori finkatuta eta argi geratzea betirako, ez soilik aste honetan edota aurten”.
Gidariek informazio zabala eman dute eta bisitarien galderei eta kezkei erantzun dizkiete. “Jendearen aldetik harrera oso ona nabaritu dugu, eta uste dugu kaleko jendeak holako bisitak estimatzen dituela”.

“Gure aldetik, EHUren aldetik, prest izango gara beti halako eskabideei erantzuteko. Etorkizunean aurkera gehiago izango dira, kontuan izanda esparru arkeologiko hori babestuta dagoela, eta plan zuzendaria egin beharko dela izendapenaren kudeaketa aurrera eramateko”.
Horretarako, “sarritan elkartu beharko gara erakundeen artean eta arkeologoen artean. Halaber, bisitarien inguruko formula edo eredu bat abiatzea, eta datozen urteetan jarraitzea”.

Lezetxikiren inguruko balizko interpretazio-zentro bati dagokionez, “nik hori ez dut begi txarrez ikusten, aztarnategiak badu horretarako meritu nahikorik, baita gehiagorako ere”.
Hala ere, balizko interpretazio-zentro bat “ez da gure eskumenetan sartzen, hori Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Udalaren artean adostu beharrekoa da”.
“Gu laguntzeko prest gaude, eta guk ikerketa egiteko baliabideak ditugu, baina baliabide gehiago jarri beharko dira, kudeaketa egitekoak”.

Albistea osatzen gabiltza
Aurpegi zuriketrik ez mesedez
Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrena Leibarren berreskuratu zuen Barandiaranek, eta hain zuzen Leibarreko zati bat da AHTak suntsitu duena. Baina badirudi “arakatu” zutenean ez zutela ezer ikusi…agian, lurpean egoten direlako matetialak horrelakoetan?