Lezetxiki kaltetutako gizon arrasatear bat ikertu du Ertzaintzak

1
1818

Gizonezko horrek ustez kata klandestinoak, pintadak edo grafitoak egin ditu Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatutako kobazuloan. Ertzaintzak ondare historikoaren aurkako kalteak eta espoliazio arkeologikoa leporatzen dizkio.

Beheko testua eta argazkiak: Ertzaintza.

Ertzaintzako Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren Atal Nagusiak egindako “Hartza” operazioari esker, Arrasaten, Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatutako Lezetxiki kobazuloan, egindako kalteen egilea identifikatu ahal izan dute.

Ertzaintzak eginbideak ireki dizkio bertako herritar bati, ikertu gisa, ondare historikoaren aurkako kalteak eta espoliazio arkeologikoa leporatuta, barruan kata klandestinoak, pintadak edo grafitoak egin zituelako.

Ikerketa 2023ko otsailean hasi zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko arkeologoak konturatu zirenean Arrasaten dagoen Lezetxiki kobazuloan kalteak egin zituztela.

Egiaztatu ahal izan zutenez, kobazuloa babesten duen perimetroko hesia hautsita zegoen, aztarna arkeologikoen bila kata klandestinoak egin zituzten eta pintada edo grafito ugari zeuden horma eta sabaietan.

Kontua da, kobazulo horrek 2022tik Gune Arkeologiko Babestuaren kategoria duela, Eusko Jaurlaritzak emana, Babes Bereziko Kultur Ondasun gisa, eta bertara Gipuzkoako Foru Aldundiaren berariazko baimena duten bisitariak eta ikertzaileak bakarrik sar daitezkeela.

Foru Aldundiko arduradunek zegokion salaketa jarri zutenean ondare historikoaren aurkako kalteengatik eta espoliazio arkeologikoarengatik, Ertzaintzako Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren Atal Nagusiak bidezko ikerketa hasi zuen, eta hainbat hilabetetan luzatu da “Hartza” deitutako operatiboaren barruan.

Ikerketa horretan agenteek egiaztatu zuten pertsona ezezagun bat, espeleologiako materialez hornituta, kobazuloan sartu zela Foru Aldundiaren baimenik gabe, eta hainbat orduz egon zela barruan. Arrasateko bizilaguna den pertsona horri ondare historikoaren aurkako kalteak eta espoliazio arkeologikoa leporatu dizkiote.

Polizia-eginbideak amaitu zituztenean, Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzako Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren arloko fiskal ordezkariari bidali zizkioten zegozkion ondorioak izan zitzaten.

Ondare Historikoaren aurkako kalteak Zigor Kodearen 323. artikuluan jasota daude, eta balio historikoa, zientifikoa, kulturala nahiz monumentala duten ondasunetan edota lurreko nahiz urpeko arkeologia-aztarnategietan egindako kalteak edo espoliazioa sei hilabetetik hiru urtera arteko espetxealdi-zigorrarekin edo hamabi hilabetetik hogeita lau hilabetera arteko isunarekin zigortzen ditu.  

Gainera, arkeologia-aztarnategi batean baimenik gabe sartzea, Foru Aldundiaren baimenik gabe esku-hartze arkeologikoak egitea edo gune arkeologikoetan metal-detektagailuak erabiltzea Euskal Kultura Ondarearen Legearen aurkako arau-hauste administratiboak izan daitezke, eta bertan ezartzen dira 100.000 euro arteko isunak arau-hauste arinetan, 250.000 euro artekoak arau-hauste larrietan eta 1.000.000 euro artekoak arau-hauste oso larrietan.

Ondasun babestuen aurrean nola jardun jakiteko gomendioak:

Ertzaintzak jakinarazten du ustekabean aztarna arkeologikoak aurkituz gero, berehala eman behar zaiola horren berri Foru Aldundiari edo dagokion herriko Udalari, hondarrak metodologia arkeologikoari jarraituz jaso ditzaten.

Hartzen, bobidoen, gizakien eta abarren balio paleontologiko handiko hezurrak lurpetik ateratzeko egiten diren kata klandestinoek aztarna arkeologikoak dauden ingurune arkeologikoa suntsitzen dute, eta berreskuratu ezin den informazio historikoa galtzea eragiten dute. 

Aztarnategi edo gune arkeologikoetan legez kanpoko jarduerak egiten direla, esate baterako, metal-detektagailuak erabiltzen direla, legez kanpoko indusketak eta abar egiten direla, susmatuz gero, Ertzaintzak gomendatzen du 112 telefono-zenbakira deitzea, patruila batek egitateak egiaztatu ahal izan ditzan eta dagokion prozedura has dadin.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen