LEKE programako ikasleak, larunbatetan ere ekintzak egiten ari dira

0
362

Testua: LEK.

Leintz Eskola Kirolean gazteen garapen integralean eragiten saiatzen gara eta proiektu honen sorreratik, argi izan dugu ikasle denek lekua dutela antolatzen ditugun astean zeharreko zein asteburuko jarduera guztietan. Hori horrela, eskola kirol inklusiboaren aldeko apostua irmoa izan da LEK-en lehenengo urtetik.

Hala ere, orain dela bi urte egindako azterketa sakon baten ondoren, aniztasun funtzionala duten ikasleek gure bailaran jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera gutxi zituztela konturatu ginen. Horregatik, ohiko eskola kirolean inklusioaren aldeko apostuarekin jarraitzearekin batera, iaz LEKE (Leintz Eskola Kirol Egokitua) taldea sortu genuen.

LEKE taldeak astean zehar bi saio egiten ditu, bata multikirolera bideratuta eta bestea igerilekuan. Horrez gain, saio hauek ikasleen behar ezberdinak asebetetzen zituztela konturatuta eta taldean sortutako giro polita dela eta, poliki-poliki bagabiltza asteburuetan ere, jarduera ezberdinak antolatzen.

Aurreko hilabeteetan, LEINN-eko ikasleak diren Irene Aguriondo eta Ane Davilak martxan jarritako BASH proiektuarekin bat egin genuen eta horrela, LEKE-ko ikasleek dantza eta doinu ezberdinen erritmora saio ezberdinak egiteko aukera izan zuten. Aurreko astean aldiz, multikiroleko topaketa bat antolatu genuen Iturripeko kiroldegian.

Pasa den larunbatean berriz, argazkian ikus daitekeen bezala, LEKE-ko ikasleek taldean mendi buelta bat egiteko aukera izan zuten. Horrela, Arrasateko inguruetatik txokoz txoko ibili ziren eta besteak beste, Ziorlako Balkoiaren tontorra zapaldu zuten. Benetan goiz atsegina pasa zuten bertan bildutako ikasle eta monitoreek.

Parte hartzaileen ilusio eta gogoak ikusita, aurrerantzean ere mota honetako topaketa gehiago antolatzeko asmoa dugu.

Bestalde, Aste Santuko oporrei begira, bailarako taldeak hasi dira “campus” eta jardunaldi ezberdinak antolatzen. Hona hemen, Arrasateko eskubaloi elkarteak eta Ointxe!-k, oporretan aktibo mantentzeko eskaintzen dizkiguten aukerak.

KIROLAZ HEZI, KIROLAZ HAZI, OSASUNA IRABAZI!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen