LEKeko Ikasturte amaierako planifikazioa [Testua: Leintz Eskola Kirola]

0
301

Orain dela aste batzuk, eman genizuen LEK-eko zuzendaritza batzordeak, saioak ekainaren 18 arte luzatzeko hartutako erabakia, COVID 19 egoera honek ekainean egiten ditugun sustapen jarduerak egitea ez duelako posible egiten. Hori dela eta, nahiz eta eskola batzuetan azken asteetan, ikasleek klaserik ez daukaten, LEK-eko saioekin ikasturte amaierararte jarraituko dugu.

Argazkia: LEK.

Pandemiaren eraginez, ikasturte hau berezia izan da eta momentu oro, osasun egoerara egokitu behar izan gara. LEK-eko programazioa ezin izan dugu bere osotasunean landu, baina legediak jarri dizkigun mugak gainditu gabe, gure programazioa egokitu dugu, gure ikasleen jarduera fisikoa bermatzeko eta alde horretatik oso balorazio positiboa egiten dugu.

Esan bezala, gure programazioa osasun egoerara egokitzean, ezin izan ditugu eskola kiroleko hainbat alderdi aurrera eraman: zapatuetako ekintzak, kirol disziplina ezberdinak bere osotasunean, sustapen jarduerak, ekintza bereziak…baina bai legediak baimentzen zuena: bakarkako ekintzak, ahalik eta kontaktu gutxien eskatzen zituzten jolasak eta kirol modalitateak, etab.

Oraindik ere, legediaren menpe gaude baina azken astean argitaratu den lege berriak aldaketa batzuk ekarri ditu, batez ere eskola kirola aire librean egiterako orduan. Orain arte, instalakuntza itxietan 4 pertsonako azpitaldeetan egituratu behar genuen taldeak, orain aldiz, 6 pertsonetara zabaldu da. Aire librean berriz, kirol-jarduera taldekatze mugarik gabe egin ahal izango da. Hemen dituzue arau berriak ikusgai.

Orain, eguraldi ona ia bermatuta daukagula jakinda, azken bi aste hauetan ikasturtean zehar ekintza bereziak egiteko aukera izango dugu ikasleekin, beti ere, ditugun arauak errespetatuz. Horretarako, monitore eta ikasleen artean erabakiko dute zer ekintza egingo duten. Aste honetan talde batzuk hasiak dira ekintza horiekin, hala nola, squash-a, slackline-a, altxorraren bila, ur jolasak eta beste hainbat ekintza egiteko aukera izango dute ikasleek. Honekin, bi helburu lortu nahi ditugu: bata, ikasleek jarduera fisikoaz gozatzen jarraitzea eta bestea, ikasturteari amaiera polit bat ematea. Hemen daukazue argazki galeria ikusgai.

Bukatzeko, azken saioetarako, zuen seme-alabak LEK-eko kamiseta janztera animatzen zaituztegu! polita litzateke saioetan hau ikustea.

KIROLAZ HEZI, KIROLAZ HAZI, OSASUNA IRABAZI!

ARTIKULU INTERESGARRIA: Kirolari eusten

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen