Argazkia: Leintz Bailarako kirol hastapen mahaia
Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udaletako, ikastetxeetako, kirol elkarteetako eta Leintz Eskola Kiroleko ordezkarien artean eratu dute Kirol Hastapen Mahaia. Multikirola indartu eta erreferente bihurtzeko helburua izango du.
Leintz Bailarako Kirol Hastapen Mahaia sortu dute, haurrei zuzendutako kirol eskaintza osasuntsu, integratzaile eta hezitzailea sustatzeko helburuarekin. Ikastetxeek, udalek, klubek eta Leintz Eskola Kirolak osatuko dute mahaia.
Mahaiaren oinarria Eskola Kirola izango da: “Multikirolaren bidez, haurrek hainbat kirol jarduera ezagutzeko aukera izango dute, esperientzia aberasgarri eta anitz baten bidez beren gaitasun eta interesak garatzeko” adierazi dute Kirol Hastapen Mahaitik. Bestetik, kirol elkarteen banakako zein binakako kirolak honen osagarri izango dira: “Haur bakoitzaren garapen fisiko, sozial eta emozionala orekatua izan dadin” gehitu dute.
Urrats honekin, Udalek, ikastetxeek eta herriko kirol klubek multikirolean parte hartzea aktiboki bultzatuko dute, eta babesa emango diote multikirolaren eredua sendotzeari. Haurrei zuzendutako kirol hastapenean multikirola indartu eta erreferente bihurtzeko helburuarekin egigo dute hori.
Mahaian aurrera eramango dituzten lanen artean, kirol taldeen artean urteko programa bateratua adostea edo kluben arteko elkarlana sendotzea izango dira, besteak beste, “haurra erdigunean jarriz betiere”.
“Kirol Hastapen Mahaiaren sorrera urrats sendoa da gure eskola kirol eredua hobetzeko eta haur guztientzako aukera berdintasunean oinarritutako eskaintza bateratua eraikitzeko bidean. Hezkuntza balioetan oinarritutako kirola da gure apustua: hezitzailea, euskalduna, anitza eta integratzailea”.
Azkenik, Kirol Hastapen Mahaitik, herritar guztiak animatu gura dituzte “Eskola Kirolean parte hartzera eta haurrei kirol bizipen aberatsak eskaintzen laguntzera”.
Sinatzaileak:
Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako Udalak / Leintz Eskola Kirola (Aramaixo Herri Eskola, Arrasate Herri Eskola, Arrasate BHI, Arizmendi Ikastola, Kurtzebarri HLHI-BHI, Luis Ezeiza Herri Eskola) / Arrasateko Eskubaloia Elkartea, Arrasate Errugbi Taldea, Arizmendi Kirol Elkartea, Eskoriatza Kirol Elkartea, Mondra Futbol Elkartea, Mondrate Areto futbol Elkartea ,UDA Kirol Elkartea, eta Ointxe Saskibaloi Kirol Elkartea




