Leintz Arizmendik, Roman Lopez oroituz, 4 eta 0 irabazi du

0
1297
lidertza

Minutu bateko isilunea egin da Mondrako nesken taldearen sortzaileetakoaren omenez. Partiduan jokalari zuri-moreak bi gol sartu dituzte lehen 15 minutuetan.

Roman Lopez Rubio arrasatearra urtarrilaren 9an hil zen, Mondrako nesken taldearen sortzaileetakoa, Rosa Otaduy ‘Katanga’rekin batera.

Horregatik, gaur Leintz Arizmendi – Ostadar partidua hasi aurretik, Romanen oroimenez minutu bateko isilunea egin da.

Partidua hasi eta berehala Leintz Arizmendiren bi gol iritsi dira: Maider Isasmendi eta Lore Etxeandia izan dira golegileak.

“Horrek lana erraztu digu, eta lasaiago jokatu ahal izan dugu” Andoni Ezkurra entrenatzaileak baloratu bezala. Bigarren zatiko bi golak Miriam Agirrek egin ditu.

Gaurko garaipenarekin, talde zuri-moreak lider jarraitzen du, eta datorren jardunaldian Touring-en aurka jokatuko du:

“Errenteriako taldea sailkapenaren erdi-behealdean dago, baina partidu zaila izango da. Gu liderrak gara orain, ez dugu partidurik galdu, eta horrek gure aurkariak motibatzen ditu”.

Entenatzaileak baloratu du “taldeak gaur lan ona egin duela. Ea horrela jarraitzen dugun denboraldia amaitu arte”. Aupa Leintz Arizmendi!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen