Leintz Arizmendik Realaren aurka galdu du baina borrokatzen, Oñatin

0
426

Gure taldeak liderraren aurka 1 eta 5 galdu du, eta ‘ohorearen gola’ Miren Astudillok egin du. Datorren jardundaldian Zumaian jokatu du.

Leintz Arizmendik 2022/2023rako Oñatiko taldearekin bat egin du, eta horren ondorioz plantilak 21 jokalari dauzka.

Beste ondorioetako bat izan da gaur Oñatin jokatu duela, etxeko talde bezala, Mojategin jokatu ordez. Halaber, Aloña-mendiren ekipazioarekin jokatu du.

Arerio gogorrenaren aurka jokatu du gaur arratsaldean, Realaren filiala, “Gipuzkoako jokalari onena daukana”, Andoni Ezkurrak azaldu digunez.

Talde txuri-urdinak “beste erritmo batean jokatzen du, baina hala ere partidua ondo hasi dugu, bi gol aukera izan ditugu, baina ez ditugu sartu”.

Realaren bi goletan Leintz Arizmendik zorte txar puntu bat izan du, eta atsedenera 2 eta 0eko emaitzarekin iritsi da lehia, Oñatiko Azkoagain zelaian.

Bigarren zatian ere etxeko taldea ahalegindu da, eta 75. minutuan Miren Astudillok ‘ohorearen gola’ sartu du, jaurtiketa gogor batekin. “Partidu honetarako gure helburua zen partidu amaieran ere partiduan sartuta jarraitzea, eta partidu borrokatua izan da”.

Andoni Ezkurra entrenatzaileak baloratu du “jokalariek egindako lanarekin pozik nagoela, baita harmailetan izandako giroarekin ere, baina penatuta Realeko jokalari batek itxuraz lesio gogorra izan duelako”.

Andonik berak eta Realeko bi kidek lesionatutako jokalaria berdegunetik atera dute, zaleen txaloen artean. “Ea ezer larririk ez duen”.

Datorren zapatuan Leintz Arizmendik Zumaiakoren aurka jokatuko du, kostaldeko herrian arratsaldeko 19:00etan. “Arerio gogorra da baina partidua aurrera ateratzera joango gara”. Aupa Leintz Arizmendi!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen