Lehen mailako taldea ‘Turandot’entzat

0
634

Turandot printzesari bizia emateko, konpainiak France DarizEngan eta Chrystelle di Marcorengan jarri du konfiantza. David Baños eta Eduardo Sandoval tenore ezagunek emango diote ahotsa Calafi. Martin Mazikek, Bratislavako antzerki nazionaleko musika-zuzendariak zuzenduko du orkestra Amaia antzokian.

Bideoa: Opera 2001.

Martxoaren 27an, Amaia antzokiko oihala altxatzean, idatzi diren azken opera handienetako baten mailako muntaiaz gozatu ahal izango du publikoak.

France Dariz eta Chystelle di Marco soprano frantsesek gorpuztuko dute Turandot, eta David Bañosek eta Eduardo Sandovalek emango diote bizia Calafi. Taldea Francesca Bruni (italiarra) eta Yeonjoo Park (Hego Koreakoa) sopranoek itxiko dute, Liuri bizia emateko.

“Egun horretara arte, ezin izango dugu zehaztu zein interprete igoko diren Amaiaren agertokira, baina denak dira lirikako figura handiak” azaldu du Manu Gallardo Ozenki elkarteko kideak.

Interprete horiei Opera 2021 konpainiaren orkestra sinfonikoa eta Siziliako Abesbatzaren hogeita hamar ahotsak batuko zaizkie.

Turandot bi zatitan banatuta egongo da, eta 15 minutuko atsedenaldia izango du.

“Sold out”

Sarrera guztiak saldu ondoren, Ozenki elkarteak AZKEN ORDUKO sarrera kopuru txiki bat jarri du salgai Maala kalean dagoen Altuna lurrindegian. Horrela, Turandot ikusi nahi duten baina oraindik sarrerarik gabe dauden horiek Arrasateko saltoki horretara gerturatu beharko dira azken txartel horiek eskuratzeko.

Maitasuna, amodio eza, indarkeria eta mendekua

Luis Miguel Lainz zuzendari artistikoak adierazi duen bezala, “Pucciniren istorio ederra ez da historikoa, ezta mitologikoa”, baina “Txina inperialeko giroa eta, batez ere, Turandot zen printzesa baten maitasuna, amodio eza, indarkeria eta mendeku sentimenduak islatzen ditu”.

Ikuskizunaren musika zuzendaria Martin Mazik eslovakiarra izango da, eszena ardura Aquiles Machado venezuelarrak izango du eta eszenografia ikusgarria, aldiz, Alfredo Troisi italiarrak sortu du.

Turandot eszena ikusgarritasuna erraz onartzen duen opera da. Bere dekoratuak, bereziki bigarren ekitaldikoak, oso ikusgarriak dira, antzoki askotan oihala altxatzen denean, txaloak ateratzen dituzten horietakoak.

Kritika bikainak

Ekoizpen honek martxoaren 4an ekin zion birari Zaragozan, eta estreinaldi gauean 10 minutuko txalo zaparrada jaso zuen. Kritikaren eta publikoaren arrakasta hori ez da estreinaldira mugatu, Cadizen, Almerian, Faron (Portugal) edo Toledon ere txalo ugari jaso baitzituzten artistek.

Baina, publikoaren erantzun ona jasotzeaz gain, Ikuskizun honek prentsa espezializatua ere txunditu du. “Ekoizpen aparta”, eta “Antzezle bikainak eta liburuarekiko oso fidela den egokitzapena”; izan dira, besteak beste, produkzio honek kritikaren aldetik jaso dituen lausengu ugarietako batzuk.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen