Larri diren familiek udal-laguntzaz 11 € ordain ditzakete seme-alabek Leintz Eskola Kirolan aritzeko

0
686

Kinka ekonomiko larrian diren familiek, izena ematen badute, Udalak LEKeko kuotaren %90 ordainduko die. Kirol-eskaintza zabala da, eta baloreak sustatzen ditu. 2019/2020an 1.230 ikaslek parte hartu zuten LEKen.

Gaurko prentsaurrekoan Maitane Muñoz Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Susana Santor Athloneko langile eta LEKeko koordinatzaileak parte hartu dute.

Proiektu hau Udaleko Gizarte Zerbitzuen, Gazteria Sailaren eta Leintz Eskola Kirolaren artean ari dira aurrera eramaten.

Udalak aurreko urteetan ere ekonomikoki zailtasun berezietan dauden familiei lagundu die euren seme-alabek udalekuetan parte hartu ahal izateko. Udaletik “ikusi dugu aisialdi-aukerako laguntza urte osora zabaltzea”, adierazi du Maitane Muñozek.

LEKek aisialdi osasungarria eskaintzeaz gain, baloreak ere lantzen ditu (inklusioa, integrazioa, elkarbizitza, euskararen erabilera,…). Horrek balio gehigarria ematen dio”.

LH 1etik DBH 2ra arteko neskatila-mutikoek parte hartu ahalko dute. Udalak kuotaren %90a ordainduko die:

  • 2 pertsonako familiei, urteko gehienez 20.000 euroko diru sarrerak badituzte
  • 3 pertsonako familiei, urteko gehienez 26.000 euroko diru sarrerak badituzte
  • 4 pertsona edo gehiagoko familiei, urteko gehienez 30.000 euroko diru sarrerak badituzte

Izen-ematea ireki da, irailaren 15ean zabaldu baita, eta eskaera egin ahal da azaroaren 30era arte. Eskaera BAZen egin behar da.

LEKen izenean, Susana Santor langileak eskertu egin du Udalaren proposamena. “Izan ere, gure helburua beti izan da ahalik eta familia gehienengana iristea gure proiektuaren eskaintza. Baita parte hartzeko aukera ere”.

Hartara, LEKek orain arte ere familiei bestelako laguntzak eskaini dizkie, familia ugariei besteak beste. Era berean, LEKek bailarako udalen eta Foru Aldundiaren aldetik diru laguntzak jasotzen ditu.

Orokorrean, LEKekin haurrek 1. eta 2. mailetan jolasak egiten dituzte (Jolas Hezi programarekin), eta 3.etik 6. mailara multikirola. “Honekin aniztasuna sustatzen dugu, eta DBHko 1. eta 2. mailetan kirol-espezializazioa”.

Horretan “balore batzuk transmititzen ditugu berdintasuna, integrazioa, inklusioa, kirol-aniztasuna, ikasleen arteko harremanak sendotu, talde-kohesioa, ohitura osasungarriak,…”.

Oro har, “umeek kirol-hastapen bat jasotzen dute, hau guztiau euskaraz. Gure ustez, aukera hau ume guztiek izan behar dute”.

LEKek lehen aldiz eskaini du diru laguntza hau. Laguntza jasoko duten familien haurrek ondoko kirolak izango dituzte aukeran:

  • Futbola
  • Saskibaloia
  • Eskubaloia
  • Errugbia
  • Areto-futbola
  • Boleibola
  • Patin-hockeya
  • Atletismoa
  • Esku pilota
  • Igeriketa
  • Tenisa
  • Txirrindularitza
  • Padela
  • Squasha

“Hau da, kirol tradizionaletatik hasi eta aisialdira begirako kiroletara. Gure helburuetako bat da ikasle bakoitzak aukeratutako kirola etorkizunean bailarako kirol-elkarte batean praktikatu ahal izatea”.

Era berean, LEKek duela urte batzuk aisialdi jardueren alorra ireki zuen, goiko zerrendako kirol tradizionalak gustuko ez dituzten haurrentzat:

“Horretarako, guk eurekin programa bana diseinatzen dugu, adibidez patinajea, beisbola, badmintona, esgrima, zunba, gorputz-adierazpena,… eta beste jarduera batzuk”.

“Igeriketa sinkronizatua edo igeriketa artistikoa ere landu izan dugu, haurren artean aukerak eta ezagutzak handitzeko. Baita kirol-egokitua ere”:

“Neskatila-mutiko hauek euren gelakideekin kirola egiteko aukera ematen dugu. Baina behar bat ikusi zen, eta familia batzuek ere hala eskatu zuten, kirol-egokituko talde propio bat osatzea”.

“Hala egin dugu, hala eraman dugu aurrera, betiere gogoan izanda gure helburua inklusioa garatzea dela. Kuota berdina da. Kirol-egokituko ikasleekin gimnasia eta igeriketa egiten ditugu, eta zapatuetan partiduak jokatzen dituzte, guztiek bezala”.

LEKen parte hartzen dute bailara osoko ikasletxeek, “amankomunean egiten den proiektu bat delako. Ikastetxe guztietan LEKen eskaintza berbera da”. LEKeko kuotak ondokoak dira:

  • Oinarrizko multikirolekoa, urteko kuota: 110 euro
  • DBHko 1. eta 2. mailetako kuota eta kirol-egokitukoa, urteko kuota: 115 euro
  • LEKeko kuota + bertako pilota, txirrindularitza edo igeriketako kuota: 125 euro guztira

“Urte batzuk daramatzagu kuota igo barik, eta aurten ere bere horretan mantendu nahi dugu. Beraz, zailtasun ekonomikoetan dauden familiek 11 edo 12 € inguru ordaindu ahalko dituzte, urteko kuota gisa”.

Arrasateko Udalak diru laguntza hau baldintzak beteko dituzten familia arrasatearrei emango die, ez Aretxabaleta, Eskoriatza edota Aramaiokoei.

Familia hauek, BAZen eskaera egitean, “besteak beste, errenta aitorpena aurkeztu beharko dute”. LEKeko izen-emate orokorrari dagokionez, irailaren 26ra arte zabalik izango da. Izen-ematea ez da guztiz itxiko, baina kontuan har kirol-ekintzak urriaren 4ean abiatuko dituztela.

Covidaren testuinguruan, “protokoloak egokitzen gabiltza, eta orain taldekide kopurua ez da mugatu beharko, baina ikastetxeetako protokoloetara egokitu behar ditugu, eta horretan dihardugu”.

Gainera, “zapatuko kirol-ekintzak baimendu direnez, aurten horiei berrekingo diegu. Guretzat garrantzitsua da programa bere osotasunean bete ahal izatea”.

LEK 2004an sortu zen, hori baino lehen Arrasateko Kirol Proiektuari lekukoa hartuz, hau da, hemen eta Aramaion ziharduena.

2019/2020a izan zen LEK parte-hartzaileena: “1.230 ikaslek esku hartu zuten. Arrasatekoak 680 inguru izan ziren.

Covidaren testuinguruan, iaz 931 ikaslek hartu zuten parte eta “aurtengo helburuetako bat da aisialdi osasungarrian haur gehiagok parte hartzea”.

LEKen 6 koordinatzailek lan egiten dute: 3 Arrasaten, 1 Aramaion eta 1 Eskoriatzan eta Aretxabaletan. Monitoreei dagokienez, iaz 50ek jardun zuten.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen