La Caixaren espekulazioaren aurka azaldu dira zenbait bizilagun, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin

0
2623

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin bat eginez, Arrasateko, Gazteiz, Bolueta, Zorrotza eta Erandioko ehun bat bizilagunek La Caixaren kontrako dinamika jarria dute martxan. “Alokairu eskuragarriekin espekulatzea” eta alokairu kontratuetako “abusuzko klausulak” salatu dituzte. Arazo honek Euskal Herriko 320 etxebizitzari eragin diezaieke.

Goiko argazkia eta beheko testua: Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista.

La Caixak “alokairu eskuragarrirekin” espekulatzen du

La Caixa Fundazioak, CriteriaCaixa finantza-sozietatearen filiala den InmoCaixaren bitartez, “alokairu eskuragarriekin” espekulatzen du. Urriaren 30eko agerraldian, kaltetuetako batek honako hau adierazi du: “Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera antolatu gara La Caixak alokairu “eskuragarritzat” iragartzen zituenekin espekulatzen duela salatzeko”. 2008ko krisia aprobetxatuz, banku honek eta bere inbertsio-sozietateek ondasun higiezinen pakete handiak (lursailak zein eraikin osoak) erosi zituzten prezio oso baxuetan. Azken hamarkadetako finantza eta higiezinen krisirik larrienean aurpegia garbitzeko asmoz, higiezin horiek alokairu “eskuragarrian” jarri zituzten, eta InmoCaixari utzi zioten kudeaketa, “higiezinen jardueretan merkatuko errentagarritasun errepikakorra” lortzeko helburuarekin. Azken finean, eraikin horiek alokairu “eskuragarrian” jartzen zituzten, epe ertainean, dirurik galtzen ez zuten bitartean, finantza-merkatuko ohiko kotizazioei errentagarritasuna ateratzeko.

Higiezinen prezioek 2008az geroztik izan zuten beherakadari aurre eginez — Idealistaren arabera, Espainiako Estatuko batez besteko salmenta-prezioa 1492 €/ m2-ra jaitsi zen 2016ko irailean —, InmoCaixa hainbat estrategia aplikatzen ari da outlet prezioan erositako ondasun higiezinetatik errentagarritasuna atera ahal izateko. Hori egiteko, salmentako etxebizitzaren prezioaren igoera bizkorraz — urte arteko % 8,7ko igoera eta 2016arekiko % 68koa, Idealistaren datuen arabera — eta gelakako alokairuen prezioaren igoera geldiezinaz baliatzen da.

Errentagarritasuna ateratzeko estrategien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Gasteizen, adibidez, alokairu “eskuragarrien” aurpegi-garbiketaz baliatu ondoren, orain etxebizitza horiek merkatu libreko prezioaetan edo garestiago saldu nahi dituzte. Bertan, 270.000 € eskatzen dituzte etxebizitza baten truke, ezaugarri berak dituen etxebizitza batek, batez beste 230.000 € balio duen bitartean. Auzo honetan urteko batez besteko errenta 16.392 eurokoa da. Argi dago, ezin dugula hori “eskuragarritzat” jo. Gainera, espekulatzeko erabiltzen dituzten higiezinen aktiboak oso prezio baxuetan erosi zirela gogoratu behar dugu. La Caixak “merke erosi eta garesti saltzeko” estrategia du, hau da funts putreen espekulatzeko modu bat.
  • Garesti saldu ahal izateko, puztutako prezioetan bakarrik erosteko aukera uzten diete eta maizterrei azken urteetan bizi izan diren etxeen alokairu kontratua ez berritzen tematzen dira.
  • Boluetan (Bilbon), krisi inmobiliarioaren urteetan etxebizitzak hutsik mantendu ondoren, orain gela bakoitzeko 650 € eskatuz merkatura ateratzen ari dira logelakako alokairu bezala. Beste kasu batzuetan, “alokairu sozialak” zirenak pisu turistiko edo logelako alokairu bihurtu dituzte. Funtsean, LAUn araututa ez dauden eta irabaziak puzteko aukera ematen duten moduekin, espekulazioaren gurdira batzen ari dira logelako edo sasoiko alokairuekin. Kontuan hartuta eremuko batez besteko errenta 37.778 eurokoa dela (Bolueta) eta urteko batez besteko errentaren %20 baino gehiagoren truke eskaintzen ari direna gela bat dela, eta ez pisu bat, hauek ere, ezin dira eskuragarritzat jo.
  • La Caixak irabaziak handitzen ditu higiezinen eta instalazioen mantentze-gastuak murriztuz: blokeen eremu komunak gaizki zainduta daude, ez baitituzte kalteak konpontzen edo gastuak maizterrak beren gain hartzeko eskatzen baitute, ezinezkoa baita kudeatzaileekin harremanetan jartzea erreklamazioa egiteko, eta abar luze bat.
  • Amaitzeko, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera antolatuta dauden kasu guztietan, abusuzko klausulak aplikatu dira. Kontratuetako gehiegizko klausula horiek ohiko praktika dira: bankuaren irabaziak handitzen dituzte eta maizterren maniobragarritasun marjina murrizten dute.

Abusuzko klausulak

Salmenta prezioen igoerak edo kontratuen ez berritzeak ez balira nahikoa, alokairu “eskuragarriei” zuku guztia atera ahal izateko, Etxebizitza Sindikatuarekin antolatutako 8 blokeetako kontratu guztiek gehiegizko klausulak dituzte, besteak beste:

  • OHZ maizterrek ordaindu behar dute.
  • Nomina CaixaBanken helbideratzera behartuta daude.
  • Hornidura batzuk InmoCaixak adierazitako merkaturatzaile batekin kontratatzera behartuta daude.
  • Ez ordaintzeen aseguru bat ordaintzera behartuta daude.
  • Alokairua arrazoirik gabe igotzea eskatu diete.
  • Jabetzak eremu komunen egoera alde batera utzi arren, komunitatearen kuotak igo dituzte.
  • Etxebizitzaren bizigarritasunerako ezinbestekoak diren elementu askoren kontserbazioaren gastuak ordainarazten zaizkie maizterrei. Etxebizitzaren erabilera normalak eragindako gastuen artean, maizterrek ordaindu behar ez dituzten beste gastu batzuk ezkutatzen dira; hala nola, hornidura-instalazioen konponketak (ura, gasa –berogailua izan ezik–, elektrizitatea, kalefazioa).
  • Intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubide konstituzionala urratuz, la Caixak etxebizitza nahieran ikuskatzeko eskubidea hartzen du.

La Caixa lankidetza publiko-pribatuaz baliatzen da

Deskribatu berri dugun dinamikan, non banku batek merke erosten duen garesti saltzeko; alokairu “eskuragarriekin” marketin estrategia bat aurrera eramaten duen bitartean, erakunde publikoen konplizitatea aipatu behar da. Lehenik eta behin, kasu askotan, honekin espekulatu ahal izateko bidea irekiz, erakunde publikoak eskaini zizkien higiezinen aktiboak oso prezio baxuetan La Caixari.

Bestetik, alokairu “eskuragarriko” etxebizitzak, BOE edo etxebizitza sozialak eraiki zein kudeatzea, parlamentuko alderdi guztiak ados dauden neurri bakarra publiko-pribatuaren arteko lankidetza areagotzean datza. Izan ere, prezioak jaitsi eta arautzen ez dituzten “prezioen erregulazioei” buruzko eztabaidez harago, hori da etxebizitzaren arazoa konpontzeko proposatzen duten funtsezko neurria: administrazioek etxebizitzaren arazoa etxebizitzarekin espekulatu eta bertatik etekina ateratzen duten eragile pribatuei (bankuei eta funts putreei) parte-hartze handiagoa emanez, konpondu nahi dute.

Beraz, azpimarratzekoa da, alde batetik, bankuen izaera hipokrita. La Caixak bezala, “alokairu sozialez” hitz egiten baitute, baina beraien negozioak etxebizitzaren edozein funtzio sozial mehatxatzen du, eta alokairu “eskuragarriak” onuragarriak zaikienean soilik kudeatzen dituzte. Bestalde, funtsezkoa da erakunde publikoak ere aipatzea arazoa elikatzen dutenei bide erraza utziz (prezioen igoera, higiezinen eta zerbitzuen kalitatearen okertzea, ezegonkortasuna, etxegabetzeak, …) konpondu nahi baitute arazoa.

Elkarrekin La Caixa-ren kontra

Bizilagunek urteak daramatzate La Caixako higiezinen kudeatzaileari kexatzen, erantzunik jaso gabe. Urteetako kexen aurrean ezikusiarena egin ostean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatzea erabaki dute. Gaur egun, ehun bat pertsona daude antolatuta, Euskal Herri osoan banatutako 8 etxebizitza bloketan, baina arazo horiek Euskal Herriko 320 etxebizitzari eragiten dietela kalkulatzen da.

Agerraldian nabarmendu dute antolakuntza beharrezkoa dela La Caixa bezalako banku bati aurre egin ahal izateko: “Soilik antolakuntza eta borrokaren bitartez egingo diogu aurre etxebizitzaren negozioari.”. Gainera, antzeko egoeran dauden edo La Caixaren alokairua duten pertsona eta familia guztiak Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jartzera deitu dituzte: “Badakigu egoera berdina pairatzen duten pertsona gehiago egon daitezkeela, hortaz, La Caixarekin alokairu kontratua baduzu, gerturatu zaitez Etxebizitza Sindikatu Sozialistara”.

La Caixari hiru gauza eskatzen dizkiote: “ lehenik, amaitzear dauden kontratuak dituzten familien kontrako etxegabetze ahalegin oro eten dezala. Bigarrenik, berehala ken ditzala abusuzko klausulak kontratu guztietatik. Eta, hirugarrenik, bizilagunen ordezkaritzarekin bildu dadila gainerako auziak negoziatzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen