“Zigorren bidez ez dugu pandemia hobetuko” [Testua: EH Bildu]

8
1672

Osasun krisi larri batean murgilduta gaudela ukaezina da. Eta arduraz jokatzea dagokigu bizimodua hankaz gora jarri digun pandemia denon artean ahalik eta azkarren gaindituko badugu. Elkar zaintza erdigunean jartzeko garaiak dira, instituzioen erabakietan hasi eta gu guztion eguneroko hartu-eman pertsonaletaraino.

Krisiaren izenean ezarritako neurri murriztaileak betearazteko indar polizialak baliatzea ez zaigu iruditzen ez eraginkorra, ez bidezkoa. Kolektibo oso bat, gazteena, kriminalizatuz, gaizkile gisa jazarriz, haien familiek ordainduko dituzten isunekin zigortuz… ez dugu pandemiarekin bukatuko. Administrazioaren eta poliziaren helburua arazoak ekiditea izan beharko luke, ez arazo gehiago ekar ditzaketen egoerak sortzea.

Bizikidetzan benetan sinesten badugu, enpatia eta kohesioa sustatuko dituen estrategia bat behar dugu. Baina ez soilik gazteei begira, herritar guztiei zuzendutakoa baizik; guztion arteko zaintza arduratsua eta begirunea sustatuko dituen estrategia bat, besteak epaitzera edota kolektibo batzuk seinalatzera eramaten gaituena baino.

Agintariek ondotxo dakite hori, baita Arrasateko Udal gobernuan daudenek ere, baina pagaburu bat behar dute foku mediatikoa benetako arazoen muinetik aldenduz jendearen arreta desbideratzeko eta erantzukizunaren zama osoa norbanakoaren gain utziz arduradun publiko gisa pandemiaz egiten ari diren gestio txarra ezkutatzeko.

Ildo beretik, Udal gobernuak larrialdi egoeraren hasieratik eskatu izan diogun Krisi mahaia eratu izan balu, krisiaren ondorio sozialei eta ekonomikoei ikuspegi komunitario batetik aurre egiteko jarrera izan balu, eragileen zein herritarren proposamenak -tartean gazteenak, noski- eskatu, entzun eta aintzat hartu izan balitu… bestelako baldintzetan egongo ginateke orain egoeraren albo kalteei konponbidea emateko, are saihesteko.

Hamar hilabete luze dira krisialdi honetan sartu ginela, denetariko ondorio latzak eragin dizkigu eta nekeak bizi gaitu ezinbestean. Ezin dugu etsi, halere. Elkar zaintzen jarraitu behar dugu, ongizate kolektiboan pentsatuz, eta dagokien Administrazio publikoei, kalean zein Udalean, krisiari aurre egiteko beharrezko baliabideak jar ditzatela exijitzen, herri gisa indartuta aterako bagara.

Eutsi, Arrasate! Aurrera bolie!

8 IRUZKIN

  1. Zigorrekin bakarrik ez dugu pandemia garaituko, baina garbi asko dago arduraz jokatzea soilik eskatzea ez dela, ezta ere, irtenbidea, zifrak hor daude eta. Eta askatasuna delakoaren izenean, ezkerraldeko mugimendu batzuk eskuin muturraren filosofia bera aplikatzen ari dira azken denborotan, “utz gaitzazue bakean” delakoarena alegia. Ezjakintasunak ez daki koloreez.

  2. Ez nuen uste, ezker abertzalea inoiz horrelako desorientazio ideologikam murgilduta ikusiko nukeenik. Benetan arazo larria dakartela. Eta herri zein nazio mailan edozeren alternatiba izan nahi badute, hobe lukete lurra zapaltzen hastea.

  3. Ezin daite Gobernu alternatiba bezala aurkeztu eta beti poliziarekin eta legea betetzearekin arazo bat duzuela irudikatu. Herritarrek polizia eta segurtasuna behar dute, eta eskertzen dute.
    Eta defendatu ezin daitekeena, ez defendatu.

    • Herritarrek polizia behar dute behar den guztietan seguru sentitzeko eta herri batek alkate bat behar du behar den guztietan herriaren zerbitzura egoteko.
      Arrasaten honakoa gertatzen da:
      Polizia azaltzen den bakoitzean jendearen bakea amaitzen da azkenaldian gertu baino arrotz sentitzen ditugulako. Eta herri honetakoa alkatea azaltzen da ez herri honen gobernantzarako, bere posizioa indartuko duen argazkiak topatzeko baizik.

  4. Orduan zein da EH Bilduren ustez egin beharko zena pandemia hau gelditzeko, batzuk nahi dutena egiten jarrai dezaten, beste guztion kalterako?
    Denok dakigu zelan zabaltzen da birusa…

  5. Hemen jokaera okerrak adin guztietan ematen dira. Nik pentsatzen dut dirua hezkuntza, osasunean eta zientziean inbertitzean dagoela gakoa.
    Administrazioan egin diren akatsak oso larriak dira eta horiei bigarren mailako trataera ematen zaie garrantzitsuak ez balira bezala.
    Denok dakigu gazteak nola dabiltzan, gurasoak PNVkoak, Podemosekoak edota Bildukoak izan. Eta norberak ebaluatu dezala jasotzen ari diren tratua proportzionala den ala ez.
    Baina modu irregularrean txertatzen ari direnak zer ekarpen egiten dio herri honen etikari? Ikuspegi analitiko-politiko batetik zer da grabeagoa, gazteen botelloi jarrera ala Sagarduik maneiatzen duen helduen txertaketa irregularrak?

  6. Por dios zembat Balkoi polizia eta arkauten ez dauien onartutako jendia txikiegixa izateagatxik dabitzen komentatzen notizia honetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen